Gardentasuna eta pribatutasuna, talkan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 4a, 21:34

Vaiven Producciones antzerki taldeak Redada familiar obraren emanaldia egin du larunbat iluntzean Manuel Lekuona Kultur Etxean. Etxean lasai afaltzen ari den familia batek poliziaren sarekada bat jasango du, kideren batek baimenik gabe argazki intimoak partekatu dituen susmoa dagoelako.

Gurasoak eta adin txikiko semea afaltzen hasi dira. Erasmus bekarekin Budapesten dagoen alabak bideo deia egin nahi du eta une egokiena zein den eztabaidatzen ari direla, atea joko dute. Ezordutan datorren bisita horrek aztoratu egingo ditu. Amak, halakoetan, aingeru bat espero du atearen beste aldean; semeak, beste arropa batzuk soinean, bere burua ikustea, eta aitak, alu erraldoi bat. "Bisita", ordea, poliziarena da.

Internetera konekta daitekeen gailu guztiak miatu ondoren, galdeketa egingo diete banan bana hiruei. Bakoitzak uste du errugabea dela, eta beste bien artean, susmoa du nor izan daitekeen errudun. Aurreiritziak besterik ez dira, ordea. Poliziek topatu dutena zer den ez badakite ere, egoera dirudienetik oso bestelakoa dela erakutsiko dute bakoitzaren azalpenek.