Artetxe-Urkia eta Aranburu-Iparragirre bikoteak sailkatu dira Gipuzkoako fasera

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 4a, 10:29

Ezker-eskuin: Eneko Aranburu, Haritz Urkia, Jon Pello Artetxe eta Axular Iparragirre. Argazkia: antolakuntza.

Hamasei bikotek parte hartu dute Euskal Herriko XIV. Mus Txapelketako lehen fasean, Lasarte-Oriako kanporaketan. Jon Pello Artetxe-Haritz Urkia eta Eneko Aranburu-Axular Iparragirre bikoteak iritsi dira final handira, eta aurrenekoek irabazi dute. Dena den, biek ala biek poltsikoratu dute Gipuzkoakoan aritzeko txartela. Martxoaren 11n ariko dira, Iruran, 15:00etatik aurrera.

Bost tanto handira, hiru txikira, pareak bai eta jokora hordago.  Aurkariari ziria sartzen saiatu, konturatzen ez direnean bikoteari keinuak pasa, "hiru errege". Hori da musaren xarma, atzo iluntzeko giro hotza berotu zuena Xirimiri elkartean. Hamasei bikote animatu ziren Euskal Herriko XIV. Mus Txapelketan parte hartzera. Jon Pello Artetxe-Haritz Urkia eta Eneko Aranburu-Axular Iparragirre iritsi ziren finalera, sari handiena horrezkero poltsikoan zutela: Gipuzkoako faserako sailkapena. Hala ere, batzuek ala besteek irabazi behar, eta lehenak gailendu ziren. Etxezarreta haragiko txuleta eta txistorra eder bana eraman zuten etxera. 

Final handia, martxoaren 26an Zornotzan

Gipuzkoako kanporaketara sailkatu diren herriko bi bikoteek aukera izango dute final handirako sailkatzeko: martxoaren 26an izango da, Zornotzan (Bizkaia). Irabazleentzako sariak ez dira nolanahikoak:

    • 1. saria: txapela, garaikurra, 3.000 euroko saria eta Karibera bidai bat, dena barne, lau pertsonarentzat.
    • 2. saria: garaikurra, 1.500 euro eta Karibera bidai bat, dena barne, lau pertsonarentzat.
    • 3. saria: 750 euro saria eta asteburu bateko egonaldia, lau lagunentzat.
    • 4. saria: 500 euro eta euskaraz ikasteko ikasturte osoko bi matrikula.
    • 5. postutik 8.era arteko bikoteentzat: 250na euro.
    • 9. postutik 16.era arteko bikoteentzat: 100 euro buruko.