Txapelketako lehen geldialdia: Xirimiri elkartea

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 3a, 07:30

Euskal Herriko XIV. Mus Txapelketako lehen fasea hasi da: herriz herriko kanporaketak. Lasarte-Oriakoa gaur gauean jokatuko dute, Xirimiri elkartean, 22:00etan. Parte hartu nahi duten bikoteek ordu erdi lehenago azaldu beharko dute, eta 20 euro ordaindu. Irabazten duenak martxoaren 11n herrialdeko proban aritzeko txartela poltsikoratuko du. 

Herrialde mailako kanporaketa horretara iristen direnek aukera izango dute final handirako sailkatzeko: martxoaren 26an izango da, Zornotzan (Bizkaia). Irabazleentzako sariak ez dira nolanahikoak:

  • 1. saria: txapela, garaikurra, 3.000 euroko saria eta Karibera bidai bat, dena barne, lau pertsonarentzat.
  • 2. saria: garaikurra, 1.500 euro eta Karibera bidai bat, dena barne, lau pertsonarentzat.
  • 3. saria: 750 euro saria eta asteburu bateko egonaldia, lau lagunentzat.
  • 4. saria: 500 euro eta euskaraz ikasteko ikasturte osoko bi matrikula.
  • 5. postutik 8.era arteko bikoteentzat: 250na euro.
  • 9. postutik 16.era arteko bikoteentzat: 100 euro buruko.