Aroa Sancho Palomares: "Nire garapen pertsonalerako lagungarria izan da esperientzia"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 3a, 09:30

Argazkiak: Miss Grand Euskadi

AROA SANCHO PALOMARES Miss Grand Euskadi txapelketako parte hartzailea

Bilbon ospatu den Miss Grand Euskadi edertasun lehiaketako partaide izan da, eta pasarela onenaren garaikurra eskuratuta itzuli da etxera. Esperientziaren berri eman du

14 urterekin ezin, eta adin nagusitasunera heldu bezain laster bete du Aroa Sancho Palomares (Lasarte-Oria, 2004) txikitatik datorkion nahia. Urtarrilaren 27an, ostiralarekin Bilbon ospatutako Miss Grand Euskadi txapelketan parte hartu zuen, eta irabazle izatea lortu ez badu ere, pasarela onenaren zinta jantzita itzuli da etxera. "Oso pozik" dago emandako lehen urratsekin, eta etorkizunari begira jarrita, bide beretik jarraitzeko asmoa agertu du. Lehen esperientziaren berri emateko elkartu da TXINTXARRI-rekin.  

Nola hasi zinen edertasunaren munduan? 
Txikitatik izan dut gustuko argazkigintzaren mundua; asko erakarri izan nau, ume nintzenetik. 14 urterekin hasi nintzen esparru horretan lan egiten duten agentziak bilatzen, eta bide horretan topatu nuen  Miss Grand Euskadiren kontua. Beraiekin harremanetan jarri nintzen, baina une hartan atzera bota ninduten adinagatik, 18 urte izatea ezinbesteko baldintza baita. Adin nagusitasunera heltzean berriz ere eurekin kontaktuan jartzeko esan zidaten, eta halaxe egin dut.

Miss Grand Euskadi bezalako lehiaketa batean parte hartu duzun lehen aldia izan da? 
Baietz esan dezaket. Haurra nintzela garai batean Teledonosti eta El Diario Vasco komunikabideek antolatutako Ojos Bonitos lehiaketan parte hartzera eraman ninduten gurasoek, eta Urbil merkatalgunearen antzeko egitasmo batean ere parte hartu genuen, familian. Baina Miss Grand Euskadi bezalako txapelketa batean parte hartu dudan lehen aldia izan da.

14 urterekin ezin, eta 18rekin parte hartu duzu. Aukera noiz helduko zain egon zara orain arte? 
Bai. 18 urte bete eta Miss Grand Euskadiren udako castingean eman nuen izena. Iazko abuztu amaieran egin nuen proba.

Zein helbururekin eman zenuen izena? 
Edertasunaren munduan murgiltzeko xedez erabaki nuen pausoa ematea. Aurrez esan dudan bezala, txikitatik nahi izan dut horretan aritu eta uste dut lehen urratsak ematea garrantzitsua dela bidean aurrera egin ahal izateko.

Aipatu nahi dut nire garapen pertsonalerako ere oso lagungarri izan zaidala esperientzia hau. Pertsona zalantzatia izan naiz orain arte, baina bide honek asko lagundu dit hori gainditzen; prozesuak, hasiera-hasieratik, asko lagundu dit nire buruarekiko konfiantza hobetzen. Hori hala izanik, tristura eragin dit hau guztia amaitu izanak, baina, aldi berean oso pozik nago bizitako guztiarekin.

Prestakuntza lanik egin al duzu Miss Grand Euskadi lehiaketako galan aritu aurretik?
Bai. Hiruzpalau orduko entseguak egin ditugu, asteburuetan; batzuetan Donostian, eta beste zenbaitetan Bilbon.

 

"Uste dut lehen urratsak ematea garrantzitsua dela bidean aurrera egiteko"

 

Eta zer landu duzue saio horietan?
Bereziki pasarela eta koreografia entseatzen aritu gara, horiek baitira lehiaketari dagokionean aspektu garrantzitsuenak. Horrekin batera, bi hitzaldi jaso ditugu, oratoriaren ingurukoa bat, eta hegaldi laguntzailea izateko bestea. Lehena garrantzitsua da, horri esker eskuratu baititugu jariotasunez hitz egiteko erremintak.

Nola egin dute txapelketan aritu zaretenon aukeraketa?
Lehenengo pausua castinga egitea da. Miss Grand Euskadik hiru egin zituen, eta udako deialdian parte hartu nuen nik. Euskadi eta Cantabria artean, oker ez banago 150 parte hartzailek eman genuen izena, eta horietatik guztietatik Euskaditik hogei aukeratu gintuzten.  Prozesu hori egin eta pare bat egunetara jaso nuen nire parte hartzea ziurtatzen zuen gutunazala.

Txapelketan aritzeko zer eskatzen zaio parte hartzaileari?
Jende askok pentsatzen du kanpo itxura baino ez dutela kontuan hartzen, baina uste dut gauzak asko aldatu direla zentzu horretan, eta beste zenbait aspektu ere baloratzen dituzte gaur egun. Partaideok egindako ahalegina eta aurrera egiteko grina ere izan dituzte kontuan lehiaketa honetan, eta diziplina eta norberaren gogoak ere bai.

Zentzu horretan aurrerapausoak eman direla uste duzu orduan.
Bai, handiak. Fisikoa kontuan hartzen dute, noski, baina beste begirada batetik egiten dutela uste dut. Iruditzen zait, adibidez, nik duela hogei urte parte hartu izan banu, ez nukeela prozesuan aurrera egiteko aurten izan dudan aukerarik izango. Metro bat eta 58 zentimetro neurtzen dut, eta ezaugarri horrekin atzera botako ninduten ziurrenik.

 

"Uste dut gauzak asko aldatu direla, eta fisikoaz gain, beste zenbait aspektu ere baloratzen dituztela gaur egun"

 

Eta nola joan da Miss Grand Euskadi lehiaketa? 
Gala ostiral gauean [urtarrilak 27] izan zen, Bilbon, baina eguerdirako lehiaketari hasiera emango zion koreografiaren entseguak egiten ari ginen. Agertokiko kokalekuak ere zehaztu genituen. Oroitzen dut urduri nengoela, baina uste baina hobeto kontrolatu nuen hori.

Bazkalostean ile apaindegi eta makillaje saioak izan genituen, eta horiek amaituta, meet and greet-aren txanda iritsi zen. Senideekin argazki saio bat egiteko aukera ematen du horrek, eta nik, mutil lagunarekin egin nuen. Hori amaituta, gala hasi zen. Koreografiarekin egin genuen openning-a, eta hori eta gero parte hartzaile bakoitzak bi pasarela egin genituen; bainujantzian lehena, eta soineko luzearekin bigarrena. Oso hunkigarria izan zen, ibilbide honen amaiera suposatzen zuelako, baina ederra aldi berean.

Ez duzu txapelketa irabazterik lortu, baina ez zara esku hutsik itzuli etxera.
Hala da, bai. Galan egin beharrekoak egin eta gero, parte hartzaile guztien artean hamar onenak jakinarazi zituzten, eta horien artean sailkatu nintzen ni. Garailea izendatzeko, hamarreko horretatik bost aukeratu zituzten gero, eta talde horretatik kanpo geratu nintzen. Bosteko horretatik izendatu zituzten finalistak gero, eta, noski garailea. Hainbat zinta ere banatu zituzten, eta pasarela onenarena jaso nuen nik. Berezia izan da hori, gure prestatzailearen eskutik jaso bainuen, eta ilusioa egin zidan horrek, uste baitut lehiaketan aritu aurreko lan guztia ere balioan jartzen duela.

Lehen esperientziaren balorazioa positiboa da orduan.
Bai, noski. Egin dudanarekin oso pozik nago. Lehiaketan parte hartzeko aukera hutsa sekulakoa izan da.

Eta hemendik aurrera? Bizitakoak bide horretan jarraitzeko balio izan al du?
Miss Grand Euskadik balio izan dit etorkizunean aukera berriak etor daitezkeela sentitzeko, eta argi dut bide honetatik jarraitu nahi dudala. Orain hiru argazkilarirekin argazkiak egiteko asmoa dut, eta sare sozialen bidez nire burua ezagutarazteko ahalegina egingo dut.