Euskal Ligako taldeak ezin izan zuen Udapa Jatorkide Senior garaitu

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 2a, 13:15

Euskal Ligako Ostadar Boleibola taldeak hitzordu zailei aurre egin behar izan die bigarren itzuliko lehen bi jardunaldietan. Sailkapeneko lehen postuetan dauden bi talde izan ditu aurrez aurre eta talde urdin-beltzak gogor lan egin arren, aurkarien esperientzia gailendu da

Hilaren 21ean Sestaon – laugarren sailkatua –  eman zion hasiera Ostadarrek denboraldiko bigarren zatiari. Neurketaren bigarren seta ederki borrokatu zuten Lasarte-Oriako taldearen jokalariek. Alabaina, joko horrek ihes egin eta 3-0 (25-16, 25-23 eta 25-13) galdu zuen norgehiagoka. 

Urtarrileko azken jardunaldian, berriz, Udapa Jatorkide Senior taldearen bisita jaso zuen  Maialen Chourraut kiroldegian. 

Talde urdin-beltzak Ligako hirugarren taldearen aurka neurtu zituen indarrak eta ezin izan zuen garaipena erdietsi. Gasteiztarrak nagusi izan ziren (13-25, 19-25 eta 15-25).

Urte gogorra izaten ari da taldearentzat emaitzei dagokionez; neurketa bakarra irabazi du. Eta sailkapeneko azken aurreko postuan dago. 

Hala ere, Euskal Ligako taldearen lehen urtea izanik, mailara egokitu eta esperientzia biltzen ari dira jokalariak. 

Hurrengo hitzordua Donostian izango du hilaren 4an, Bera Bera Butz taldearen aurka. Joaneko neurketa berdindua izan zen (2-3) eta oraingoan ere, lehia estua izatea aurreikusten da.