Kadete Errendimendu taldeak puntu garrantzitsuak lortu zituen Gipuzkoako txapelketako lehian

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 2a, 11:45

Ostadar Saskibaloia ataleko Kadete Errendimendu taldeak azken segundoan lortu zuen garaipena, 50-49. Hilaren 28an,  Maialen Chourraut kiroldegian jokatu zen norgehiagokan Innova Hortz Klinika ISB izan zuen aurkari. Partida gogorra ikusi ahal izan zuten kiroldegira joan ziren zaletuek

Etxeko taldea nagusi izan zen lehen minutuetan eta aurretik jartzea lortu zuen. Alabaina, neurketak aurrera egin ahala bi taldeek defentsan lan ederra egin eta zaila zen area barrura sartzea. Azpeitiko taldeak hiruko marratik saiakera egin eta asmatu zuen. Ostean, batean eta bestean saskiratzeak egon ziren eta azken unean Ostadarrek sartutako bikoarekin, laurdena hiru puntuko aldearekin amaitu zuen talde bisitariak, 13-16.

Egoera ikusirik erasoan hasi zituzten urdin-beltzek ondorengo hamar minutuak. Sei minututan eskuratutako 13-4ko partzialari esker markagailuari kolorea aldatzea lortu zuten eta  atsedenaldira gutxieneko abantailarekin iritsi ziren, 28-27.

Bigarren zatia hasi eta etxeko taldeak arazoak izan zituen erasoei amaiera emateko. Jaurtiketa libreetako marran ere ez ziren fin talde urdin-beltzeko kideak; bost alditan izan ziren marran eta hamar puntutik hiru bakarrik lortu zituzten. Azpeitiarrak, berriz, kanpoko jaurtiketei esker aurre hartu zuten markagailuan eta 37-39 jarri ziren.

Azkeneko minutuak zirraragarriak izan ziren. Ostadarrek 11-4ko partzial egin eta neurketa eskuan zuela zirudien. Innovak ez zuen amore emango, ordea eta bi hiruko sartu eta neurketa berdintzea lortu zuen amaierarako 33 segundo falta zirela. 

Jarraian etxeko taldeak erasoa jo zuen garaipenaren bila. Baina lehen saiaketan ez zen eraginkorra izan. Baloiaren jabetza azkar batean berreskuratu eta bigarren aldiz gerturatu ziren aurkariaren eremura. Orduan, jaurtiketa libreen marran amaitu zuten eta puntu bat lortuz markagailuan aurreratu ziren, 50-59.

Baloia berriz ere jokoan jarri arren, ez zen denborarik izan jokaldirik egiteko. Beraz, etxean geratu ziren garaipeneko bi puntuak.

Endika Marrahi entrenatzaileak taldeak egindako lana eskertu eta jokalarien jarrera azpimarratu du: "Taldeak ez du amore eman eta partida osoan sinetsi du garaipenean. Aurkari bikaina izan dugu aurrean eta edonork irabazi zezakeen, oso kontentu nago taldearen lanarekin".

Gipuzkoako txapelketa

Ostadarreko taldeak Gipuzkoako txapelketa du jokoan. Errendimendu Zilar mailan bigarren sailkatu eta urtarrilaren 15ean hasi zuen lehia berria.

Hiru neurketatik bi irabazi dituzte kadeteek;  bere multzoko hirugarren dira bigarrenarekin puntuetan berdinduta (5 p.). Sailkapeneko lehen bi taldeek Gipuzkoako txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte.