'Mayerling' izango da otsaileko ballet emanaldia

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 2a, 08:00

Lasarte-Oriako Udalak eta Danok Kide Elkarteak hilabetero opera edo ballet proiekzio digital bat aurrera eramaten dute. Otsailekoa Mayerling izango da, The Royal Ballet konpainiak taularatu eta Kenneth MacMillan-ek sortua. Datorren asteko asteazkenean egingo dute emanaldia, kultur etxeko auditorioan, 19:00etatik aurrera. Sarrerek 7,5 eta 9 euro artean balio dute eta kultur etxeko leihatilan eros ditzakete herritarrek.

Kenneth MacMillanen koreografia eta Franz Liszt-en musikarekin, The Royal Ballet konpainiak iazko urriaren 5ean oholtzaratutako emanaldia proiektatuko dute, Londresko Royal Opera House (Erresuma Batua) aretotik.

Rudolf printzearen istorioa kontatzen du: oinaze psikologiko izugarria pairatzen du, Habsburgotarren inperioaren oinordekoa delako.

Mayerling-ek kolapsatzear dagoen herrialde bat erakusten du, Europan berehalako gerra bat, eta koroaren oinordekoaren eta bere maitale Maria Vetsera baronesaren arteko maitasun abentura ere bai, tragedian amaitzen dena.

The Royal Balleten errepertorioko obra klasikoetako bat da Mayerling: emozionalki sakona da, irudi gogoangarriak ditu eta dantzarien lana nabarmentzekoa da. Ballet horrek, esan bezala, printze oinordekoaren obsesio sexual eta morbidoak kontatzen ditu, bere hilketa edo bere maitalearekin, Maria Vetserarekin, egindako suizidio itunari buruzko eskandalua eragin zutenak.