Hondarribia hirugarren izan zen denboraldi aurreko lehen hitzorduan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 1a, 13:30
Arg.: Hondarribia AE

Traineru denboraldia udan hasten den arren, eskifaia ezberdinak neguan hasten dira lanean lehiaketarako prest egoteko. Bidean indarrak neurtzeko aukera dute hainbat lehiaketetan. Lehena Portugaleteko San Nikolas traineru jaitsiera izan da. Intza Fernandez herritarra kide duen Hondarribiak hirugarren postua eskuratu du

Erlojuz kontrako probari aurre egin behar izan zieten partaideek eta mailaren arabera, 4.000 eta 5.500 metroko ibilbidea egin zuten.

Ama Guadalupekoa azken hirugarren itsasoratu zen eta ordura arteko denborarik onena egin zuen, 13.57,79.

Donostiarra eta Orio izan ziren uretan; aurten aurkari izango ditu bi eskifaiak Euskotren Ligan. Bai donostiarrek (13.30,61), baita mirotzek (13.43,55) ere gainditu zuten hondarribiatarren marka. Ondorioz, lehen bandera Donostiara joan zen.

Gizonezko lehian ere izan zen herriko ordezkaririk. Hibaikaren  eskifaian Gaizka Ormazabalek "gorputzari lehen estutua" eman zion. 

Euren mailan zazpigarren atera ziren borrokara eta hemezortzigarren postuan amaitu zuten (19.51,55).

Orion lehiatu

Donostia Arraun Lagunak eskifaiako kideek, Aiora Belartieta herritarra barne, etxetik egin zuten lehiaren jarraipena.

Lan eta lan dabiltza eta lehen proba honetako emaitza ikusirik, aurtengo liga ere lehiatua izango dela aurreikusten dute.

Martxoaren 11n Orioko jaitsieran ziur parte hartuko dutela ere aurreratu digu herritarrak.