Erregional Ohorezko Ostadarrek talde gogorrei aurre egiteko gai dela erakutsi zuen Mariñoren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 1a, 12:30

Erregional Ohorezko mailako Ostadar SKTek partida borrokatua jokatu zuen hilaren 28an Michelin Kirol gunean Mariñoren aurka. Defentsan sendo egin zuen lan etxeko taldeak. Huts bakar batek Mariñori eman zion garaipena, ordea

Arerio gogorra zuen talde urdin beltzeko Erregional Ohorezkoak Ligako azken jardunaldian, Mariño bigarren sailkatua. Leire Garcia entrenatzailearen hitzetan, "Mariño oso talde ona da, Realarekin batera talderik txukunena zentzu guztietan".

Alabaina, bolada txar baten ostean, talde urdin beltzak neurketa hori inflexio puntua izatea nahi zuen. "Denok batera erabaki genuen aurrera egin nahi genuela. Borrokatzen badakigula erakutsi dugu askotan eta ikasteko gogo hori ez da inoiz galdu. Partida gogorra zela jakinda aste osoko lana kontzentrazioan eta posizionamenduan oinarritu genuen," azaldu du prestatzaileak.

Guztia buruan, Ostadar sendo aurkeztu zen norgehiagokara eta defentsa lan handia eginez, Irungo taldeari jokatzea oztopatu zion.
Lan horretan kontzentratuta aukera gutxi batzuk izan zituen lehen zatian Ostadarrek aurkariaren atea aurrera iristeko. Mariñok ere ez zuen arrisku handirik sortu. "Beraiek ere sufritu egin zuten momentu askotan", gehitu du Ostadarreko Garciak. Eta markagailuan husna joan ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian ere, etxeko taldeak "ondo kokatua eta kontzentrazio maila handiarekin" jarraitu zuen lanean. Alabaina, 83. minutuan, kontraeraso batean defentsa huts bat egin zuen talde urdin-beltzak eta hori baliatuz Mariñok gola egin zuen.

Nahiz eta etxeko taldearentzat gola kolpe handia izan, bukaerara arte borrokatu zuen berdinketa lortu eta Mariñok aldea handitu ez zezan.
Garcia pozik dago taldeak partidan erakutsitako jarrerarekin: "Aspaldi ez bezala komunikazio maila handia izan genuen zelaian eta denok genekien zertara nahi genuen jokatu". 

Zelaian lana erakutsi

Bigarren itzuli hasi berri du Erregional Ohorezko Mailako taldeak. Azken partidetako emaitzek taldean eragin dutela nabarmendu du Garciak: "Taldeak garaipen bat behar duela ikusten dut. Zaila da partidaz partida puntuak galtzea astean zehar egindako lana ikusita". 

Horregatik, egoerari itzulia ematea du helburu talde urdin-beltzen prestatzaileak. Mariñoren neurketan egin modura, entrenamenduetan landutako puntuak neurketetan azaleratzeko ahaleginak egin eta hobetu beharreko puntu garrantzitsu bat ere badutela azpimarratu du, gola. "Golarekin konektatzeko beharra dugu berriz eta motibazio gehigarri horrekin bukatu nahi ditugu partidak".

Bide horretan lehen pausoa Bergara izango da eta Ostadar SKTko taldeak helburu argia izango du, "Bergararen aurka 3 puntuak lortzea".