Hilaren 27an, Itxaso Iparragirre era Oier Jauregi eskolako gaztetxoek eman zioten jardunaldiari hasiera. Lazkaon jokatu zuten
Errendimenduko norgehiagoka LAPKEren aurka. Neurketa zaila zen arren, ongi borrokatu ziren herriko ordezkariak. Tamalez jokoak ez zuen markagailuan islarik izan eta aurkariak 16-5 gailendu ziren.
Udaberri txapelketan ere, aurkari zaila izan zuten Haritza Diaz de Guereñu eta Peru Urdanpilleta jubenilek, Azkoitia. Intzaren pilotariak fin jokatu zuten eta ederki egin zioten aurre Azkoitiako bikoteari. Etxekoak ez ziren atzean geratu. Lehian hutsuneak bilatu eta tantoak amaitzeko erraztasun gehiago erakutsi zuten eta 22-5 irabazi zuten norgehiagoka.
Trinkete txapelketako jardunaldian Beñat Olazabal eta Pedro Elosegui jubenilek bakarrik izan zuten neurketa; Diaz de Guereñuk eta
Urdanpilletak atseden izan zuten. Bi partidetan garaile izatea espero bazuten ere, ez ziren aurreikuspenak bete.
Olazabalek Behar Zanaren Arruti izan zuen aurrez aurre. Intzaren pilotariak ez zuen egun ona izan eta horrek baldintzatu zuen lehia; 35-14 galdu zuen.
Eloseguik ere zorte bera izan zuen EPLEren Lizarazuren aurka. Partida borrokatua izango zela zirudien lehen tantoetan. Alabaina, aurkaria hobeto moldatu zen jokoan eta 35-11 gailendu zen.