Irudi berria, asmo bera

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 27a, 20:48

Lasarte-Oria Sarek eta Etxeratek elkarretaratzea egin dute Elizatzen. Urteko lehen Azken Ostirala izan da, baita herri mugimenduak abiatu duen aro berrikoa ere. Euskal Herriratzeko xedea erdietsita, helburua etxeratzea da, orain. Berrogeita hamar bat lagunek bat egin dute hitzorduarekin.

Hilaren 7an Bilbon egindako manifestaziori buruzko hausnarketa partekatuz ekin diote mobilizazioari. Kalean milaka lagunek bat egin zuten deialdiarekin eta horrek erakusten du Etxerat eta Sareren iritziz, "preso, erbesteratu eta deportatuen etxerako bidea zeharkatzeko unea iritsi dela eta herri mobilizazioa, berriz ere, ezinbestekoa izango dela". Bultzada horregatik eskerrak eman dizkiete parte hartu zutenei, babesa eman baitiote urte luzez aldarrikatzen ari direnari, alegia, "salbuespenen neurrien amaiera; eta indarkeriaren biktima guztiekiko errespetua eta tratamendu bera, biktima guztientzat". 

Nabarmendu dutenez, ez dira zigorgabetasunaz ari, presoen eskubideak defendatzen, baizik. "Lautik ia hiruk bete dute hirugarren gradura proposatzeko legediak eskatzen duen espetxealdia. 17 presok gaixotasun larri edo sendaezinak pairatzen dituzte. 70 presok 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean, horietako batzuek 30 urte baino gehiago". Etxerako bidea legeak dioenaren arabera gauza dadin, lanean jarraitu behar dela berretsi dute. "Geziek erakutsi diguten bideari jarraikiz, Etxera bidea gertu mezua egia bihurtzen hasteko unea da". 

Lelo eta ikur berria aurkeztu zituzten duela aste gutxi eta asmoa aurreko banderolak berriekin ordezkatzea da. Horregatik, ekintzara bertaratu direnek haiek erosteko aukera izan dute, eta datozenetan ere hala izango dela jakinarazi diete.

Tortura hizpide

Kale Nagusira irten, eta Okendora arteko ibilbidea osatuta, udaletxeko arkupeetan aterpe hartu dute partaideek. Otsailaren 13an Torturaren Aurkako Eguna da, Joxe Arregi torturapean hil zutela 42 urte beteko baitira; eta plazan horri buruz aritu dira. Zer den, "giza eskubideen urraketan tortura latzenetakoa izango da seguro, herritarrari oinaze fisikoa zein psikikoa intentsitate jasan ezinean eragiten baitzaio"; nork nori eragiten dion, "Herri jazarrietan eta biziraun nahi dutenetan herritarrek jasaten dute, inposaketaren doktrinaren aldeko Estatu eta boteretsuen esku", eta zer babes jasotzen duen torturatuak edota noraino senda daitezkeen zauriak. 

Halaber, gogoratu dute tortura egunerokoaren parte dela beste leku batzuetan, Palestina kasu. Egunotan bertaratutako batzuek ezagutzen duten palestinar bat atxilotu dutela gogoratu dute, hamar egun daramatzala inkomunikatuta eta beste zortzi luzatuko dutela egoera hori. "Badakigu zer gertatzen den inkomunikazioan". Eta errezitaldian Aitzole Iriondok euskaraz eta George Abdallah palestinarrak arabieraz errezitatutako poema irakurri dute. 

Azkenik, otsailaren 28an, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi auto istripuan hil zirela 20 urte beteko direla gogoratu dute. Hori dela eta,  Dispertsioaren aurkako eguna antolatu dute, 25erako: omenaldia, barrikotea Xirimirin eta kontzertuak. Informazioa datozen asteetan zabalduko dute.