Julian Iborra: "Nahi izatea da garrantzitsuena. Gure buruan dauden mugek baldintzatzen gaituzte"

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 27a, 13:00

Julian Iborra IbaƱez lasarteoriatarra, Europako mendietan egindako ibilaldi batean. Arg: I. Iborra.

Julian Iborra Ibañez 'Senderos y rutas de Gipuzkoa' orriaren sortzailea

Mendizaletasun handia dago Gipuzkoan eta Euskal Herrian orokorrean. Horri lotuta, mendi talde eta bestelako zaletuen orrialde edo blogak aurki ditzakegu Interneten eta sare sozialetan. Horietako bat da Senderismo y Rutas de Gipuzkoa. 2019an sortu zuen taldea Julian Iborra Ibañez (Lasarte-Oria, 1974) herritarrak. Iborrak %92ko ikusmen murriztasuna du, baina horrek ez dio bere zaletasunez gozatzea eragozten: mendia eta eskalada. Are gehiago, gida izateko ikasketak hasiko ditu aurki.

Noiz sortu zitzaizun mendirako zaletasuna? 
Mendian ibiltzea gustuko nuen, Baina pisu arazoak nituen eta  horrek ez zidan gozatzen uzten. Beraz, pisua galtzea erabaki nuen; urte betean 40 bat kilo. Duela hamar bat urte izan zen hori, eta geroztik, nire zaletasun nagusia bilakatu da.

Zaletasun horretatik, 2019an, 'Senderismo y Rutas de Gipuzkoa' taldea sortu zenuen Facebook sare sozialean. Zergatik?

Ibilbideak antolatzen zituen Senderismo y rutas en Donosti taldea ezagutu eta kide egin nintzen. Baina talde hori desegin egin zen eta ondorioz, hogei pertsona geratu ginen jarraitzeko gogoekin. 

Talde berri bat sortu eta egun 1200 pertsona gaude Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroan. Madrilgo kide bat ere badugu, batzuetan datorrena.

Nola dago antolatuta taldea?
Taldeaz gain, webgune bat eta WhatsAppeko hiru multzo ere baditugu. 

Bertan, nik antolatzen ditudan irteeren informazioa elkarbanatzen dut. Baina beste kideek ere proposamenak egiten dituzte, Facebooken nahiz WhatsAppean. Eta ibilbideen irudiak ere ikus daitezke.

Zenbat irteera antolatzen dituzue?
Lehen astebururo antolatzen nuen bat, orain hamabost egunero edota hilean bi edo hiru izan daitezke. Iaz, guztira, 50 bat izango ziren. Nik proposatutakoez gain, beste kideenak ere badaude, eta egun berean bizpahiru aurrera eraman ditzakete. Horiek zenbatzea zailagoa da.

Hurrengo hilean, esate baterako, Baztan aldera egingo dugu irteera bat, eta uztailerako Pirinioetara joateko ibilaldi bat antolatzen ari naiz. 50 kilometrotako bidea izango litzateke.

Edonork parte har dezake?

Kide guztiei irekia da, baina ohikoa da talde bera joatea irteera guztietara. Zale berriren bat animatzen da noizbait.

Gainera, guztiak mendi federazioko kide dira, eta gurekin datorren jendeari ere federatzeko eskatzen diogu. 

Webgunean atal bat egiten ari naiz oraintxe Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan egon daitezkeen mendi taldeekin. 

Batzuek uste dute mendira joatea "pote" batzuk hartzera joatea bezala dela, baina mendian ibiltzeak bere arriskuak ditu.

COVID-19a dela eta, mendizaletasuna areagotu da?

Baietz, esango nuke. Itxialdi garaian ateratzeko tartea eman zigutenean, jendea mendira joaten zen, baita ni ere. Andatza eta Buruntzara igotzen nintzen.

Pandemia ostean, mendian jende gehiago ikusten da eta taldean ere mugimendu gehiago dago.

Ikusmen murriztasuna duzu. Nola moldatzen zara mendian?

Txikitatik dut ikusmen urritasuna eta betaurrekorik gabe ez dut ezer ikusten. Dudan ikusmen gutxi horrekin moldatzen naiz, baina distantziak antzemateko zailtasunak ditut.

Beraz, mendira taldean noa. Bere garaian mendira bakarrik joatea komenigarria ez dela ikasi nuen. Bakarrik Andatza edo Buruntzara igo naiteke, ongi ezagutzen ditudalako.

Horrez gain, ezin dut gidatu eta beti norbaiten menpe nago mendira joateko.

Eta gida lanak egiteko?

Wikiloc aplikazioan bilatzen ditut ibilbideak eta bidea ongi azaldua ez badute edo argazkirik ez badago, atzera botatzen dut. 

Mendian, Wikiloceko ibilbideak, GPSa eta mapa eramaten ditut beti gainean. Mapa ikusteko ere komeriak izaten ditut eta lupa bat dut.

Eta ibilbideetan zailtasunik aurkitzen badugu (harriz betetako bidea edo zuloak), nirekin doan jendeak lagundu ohi izan dit. 

Horrez gain, eskalada ere egiten duzu.

Eskalada egitera ezagutzen dudan jendearekin joaten naiz. Badakite nola lagundu. Izan ere, nik dudan ikusmen mailarekin ez ditut batzuetan heldulekuak ongi ikusten eta eskuak edo oinak non jarri esan behar didate.

Mendira joateko eragozpenik ez dagoela aldarrikatzen duzu.

Nahi izatea da garrantzitsuena. Gure buruan dauden mugek baldintzatzen gaituzte. Badaude bestelako desgaitasunak dituzten pertsonei mendira joaten laguntzen dieten taldeak ere.

Eta laster pauso bat gehiago ematera ausartuko zara, mendi gida titulua.

Bai. Horrela da. Mendi gida azterketa egin nahi dut, TD1 izenekoa. Aurrerago TD2a ere egiteko asmoa dut. Eskalada, sakanetako ibilaldiak eta garaiera ertaineko mendien gida izateko baliagarria da hori. 

Bigarrena eskuratzeko arazo gehiago izan ditzaket nire ikusmen mailarengatik, baina biak izatea gustatuko litzaidake. Garaiera altuetako mendietako titulua, ez dut buruan. Nire mugak ezagutzen ditut.

Etorkizunean pentsatu al duzu garaiera altua duen mendiren batera igotzea?

Oraingoz ez dut asmorik, baina eginez gero kordada erdialdean joango nintzateke. Ikusmen murriztua duten pertsonak edo itsuak direnak eremu horretan joan ohi dira, eta horrek, modu batean, aurrera egiten laguntzen du.

Tituluak atera ostean zein helburu duzu?

Asmoa mendiaz gozatzen jarraitzea da. Egiten ari naizen lana gustuko dut eta daukadan ikusmen murriztasunak ahalbideratzen didan heinean, egiten segiko dut.