Herriko futbol talde gehienentzat bigarren fasea hasiko da aurki

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urtarrilaren 27a

Ostadarreko jokalaria, baloia kontrolatu nahian.

Futbolean, Gipuzkoan, liga erregularrak amaitu dira hainbat mailatan. Erregional, Jubenil zein Kadete 1. mailako taldeek fase aldaketa izango dute urtarrileko azken asteburuan. Multzoen ligaxka gainditu eta igoera eta kopa txapelketak hasiko dituzte hilaren 28an eta 29an

Erregionalen eta kadeteen kasuan, bai Ostadar baita Texas Lasartearrak ere kopako lehian murgilduko dira.

Jubeniletan, Ostadar B taldeak igoerako bidea jarraituko du. Ostadar Ck eta Texas Lasartearrak, aldiz, kopa jokatuko dute.

Bestalde, bada kopa jokatzen ari denik ere, Ohorezko Infantil maila. Lasarte-Oriako talde urdin-beltzeko ordezkariak Igeltegi izan zuen aurrez aurre lehen jardunaldian. Eta gutxigatik ihes egin zien garaipenak: 1-2 amaitu zen partida.

Bi jardunaldi 

Otsailaren 5ean amaituko dute lehen fasea infantil mailetako gaztetxoek.Hilaren 21eko eta 22ko jardunaldian, txanponaren bi aldeak pairatu zituzten herriko taldeek. Infantil 1. mailako derbia izan zen, esate baterako, Michelin kirol gunean. Texas Lasartearrako jokalariak 7-0 gailendu ziren Ostadar Cko jokalariei. Ostadarreko Bk ere ez zuen neurketa erosoa izan. Ligan bigarren doan Intxurre zuen aurkari eta 0-14 galdu zuen.

Oraindik bi jardunaldi jokatu behar dituzten arren, multzoetako sailkapena aztertzen, jakin daiteke zein taldek jokatuko duen txapeldunen fasea eta zeinek kopa. Bigarren postuan da Texas Lasartearra eta dagoeneko txapeldunen faserako sailkatu da. Ostadarreko bi taldeak, aldiz, euren multzoetako azken postuetan dira eta kopa jokatuko dute.

Infantil F8ko Ostadarreko taldeak ere kopa lehiatuko du. Sailkapeneko erdialdean den arren, hurrengo bi asteetako puntuekin ez da lehen hiru postuetara iritsiko. Hilaren 21ean, gainera, Arrupe Chaminade Bren aurka 4-1 galdu zuen.