Abiatzear dute aurtengo sagardo denboraldia Lasarte-Oriako Otegi sagardotegian, eta telefonoa gainean dutela dabiltza egunero erreserbak hartu eta hartu. Lan handia egin beharko dutela jakin badakiten arren, "gogotsu" agertu dira, datorrenari hasiera emateko. Txuleta eder baten aurretik bakailaoa tortillan zein frijituta jatera joango dira bezero asko, baina barazkijaleentzat eskaintza ere izango dutela iragarri dute bertakoek. Martxan jartzear duten denboraldiz hitz egin dute TXINTXARRI-rekin.
Otsailaren 4an emango diozue hasiera aurtengo sagardo denboraldiari Otegin.
Hala da, bai. Horrela egiten dugu, otsaileko lehen asteburuan hasi ohi dugu urtero gure sagardo denboraldia. Nahiago izaten dugu data horretan abiatu, behin sagardo denboraldia ireki eta hasierako lehen olatua igaro denean martxan jartzea.
Nolako sagardoa da aurtengoa?
Egia esan, edaria egiten hasi ginenean aurreikusten genuen emaitza gainditu duela esan dezakegu. Bertako sagarrik apenas izan da aurten, eta kanpotik ekarri behar izan dugu. Itxura txarra hartu genion hasieran frutari, zikin-zikina iritsi baitzen, baina lortu dugu kalitatezko produktua egitea.
Uzta kaskarra izan da aurten hemen orduan.
Bai, oso urria. Normandiatik (Frantzia) ekarri dugu aurtengo sagardoa egiteko sagarra, eta esan bezala, itxura kaskarrekoa zirudien, zikina. Dirudienez makinekin biltzen dute Frantzian, eta horrek zikindu egiten du fruta. Eskerrak presio handiko garbiketa tresneria eraginkorra daukagun, horren bitartez garbitu dugu sagarra. Azkenerako emaitza ona lortu dugu; ez genuen hala izango zenik espero.
Hasierako sagarraren pinta ikusita, animoa gainbehera etorri al zitzaizuen?
Noski, erabat desanimatu ginen, baina orain pozik gaude emaitzarekin.
Sagar uzta urtetik urtera aldakorra izan ohi da?
Bai, hala izaten da sagarrarena. Normalean, hiru urtean behin eman ohi du uzta ona. Hala tokatu da aurtengoa, eskasa.
Orotara zenbat sagardo izango duzue denboraldi honetan?
Gutxi gorabehera 26.000 litro izango dira aurtengoak eta horri gehitu behar zaio iaztik genuena. Litro asko bildu genituen orduan, eta berria egiteaz gain, hori mantentzen ere aritu gara.
Eta zapore zein kolore aldetik, nolako edaria dastatu ahal izango dute bezeroek?
Kolore aldetik polita, oso argia izango da, eta, zaporez, berriz, ona. Etxekook gustura gaude lortutako emaitzarekin, gainditu dugu hasierako aurreikuspena. Ikusi beharko da sagardotegira etorriko direnek zein iritzi duten.
Denboraldi berri honen hasierarekin batera asko hitz egin da sagardotegien etorkizuna zalantzan jar dezakeen arazoaz: belaunaldi aldaketa falta. Nola bizi duzue zuenean hori?
Guk, zorionez, momentuz ez dugu arazo hori. Semeak eusten dio guk hasitako ibilbideari, bera da negozioaren arduraduna. Sagardotegitik kanpo ere ari da lanean. Zaila da bi lanak uztartzea, baina ezinezkoa sagardogintzatik soilik bizitzea.
Asteburuetan izango da Otegira joateko aukera.
Bai, ostiraletik igandera egingo dugu lan. Halere, astean zehar ere izango da hona etortzeko aukeraren bat edo beste, betiere etorriko dena talde handi bat bada.
Astebete baino ez zaizue geratzen aurtengoari hasiera emateko. Gogotsu al zaudete?
Bai, badugu gogoa. Ukaezina da lan asko egin behar dela, baina oso gustuko dugu sagardotegi giroa, eta zain gaude ohiko bezeroekin elkartzeko. Hori ere oso polita da guretzat, betikoak urtez urte gure etxean izatea.
Dagoeneko erreserbarik hitzartu duzue? Nolako denboraldia izango dela aurreikusten duzue?
Bai, dagoeneko telefonoa lepotik zintzilik hartuta dugula gabiltza. Espero dezagun orain artekoak bezain ona izatea.
Eta menuari dagokionean, tradizionalari eusten diozue? Bestelako aukerarik eskaintzen al duzue?
Bai, noski, tradizionalaz gain, bestelako aukerak ere badaude gurean. Garaiak aldatu dira, eta horiekin batera jan ohiturak eta guk, guztiei egin nahi diegu tokia gurean. Barazkijaleak direnentzako ere izango da proposamenik.
Zenbat lagun har ditzake zuen sagardotegiak?
120 eta 150 pertsona artean bil daitezke Otegin.
Nolako bezeroak topatu dituzue orain arte zuen etxean?
Oso jatorrak beti. Izan da noski behar baino gehiago edan eta desatsegin jokatu duenik ere, baina kasu bakanak izan dira. Aurten ere betiko giro ona izatea espero dugu.