Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailak jakinarazi du 1.431.000 euro inbertituko dituela bere jabetzakoak diren bidegorrietako bi hobetzeko. Partida handiena Lasarte-Donostia tartera bideratuko dute, 863.199 euro, eta beste 567.916 euro Eibar eta Maltzaga arteko bidera. Departamentu horretako buru Rafaela Romerok 2023rako aurrekontuen aurkezpen agerraldian adierazi duenez, lanen helburua izango da "erabiltzaileen segurtasun eta gozamen baldintzak hobetzea".
Lasarte-Oria eta Donostia lotzen dituen zatiko obrak Añorga auzoaren parean egingo dituztela aurreratu du Romerok. Zehazki, mendi hegalean esku hartuko dute, egonkortu eta indartzeko. "Horrela, segurtasun handiagoa duen azpiegitura bat eskainiko diegu erabiltzaileei". Batez ere, etorkizunean gerta daitezkeen lur jausiengatik daude arduratuta; horiek saihesteko lanak aurrera eramango dituzte tarte horretan. "Eremu horretan egin beharreko moldaketak konplexuagoak direnez, 863.199 euro bideratzea adostu dugu", zehaztu du Romerok. Ezagutarazi du obrak apirilean hasiko direla, eta hiru hilabete inguru irautea aurreikusten dutela, hortaz, uztailerako amaituta egongo direla espero du Mugikortasun diputatuak.