2024ko Martxoaren 8a iragarriko duen kartela sortzeko garaia

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 25a, 15:23

Datorren urteko Emakumearen Nazioarteko Eguna iragartzeko kartela sortzen has daitezke Lasarte-Oriako gazteak. Udalak iragarri du sorkuntza lan horiek otsailaren 1etik aurrera entregatu ahalko dituztela parte hartzaileek, eta horretarako azken eguna 28a izango dela. Hiru kartel sarituko dira ordainsari ekonomikoarekin, eta irabazleak, horrez gain, datorren urteko Martxoaren 8a iragarriko du

12 eta 17 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute, eta pertsona bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ditzake. Sortzaile bakoitzak gainera, libreki erabaki dezake zein teknika erabili afixa sortzeko, baina derrigortasun bat ere hartu beharko du: goiburua. Udalak jakinarazi du honako izenburua haur eraman beharko duela: Martxoak 8 de Marzo, Emakumeen Nazioarteko Eguna, Día Internacional de las Mujeres. Formatu digitalean zein fisikoan aurkeztu ahal izango dituzte parte hartzaileek, izenburu batekin identifikatuak.

Bozketa, martxoaren 1etik 8ra

Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak Emakumeen Zentroan erakutsiko dira martxoaren lehen aste eta erdian (1etik 8ra), eta bertara joan ahal izango dute herritarrek euren bozkak ematera, epe horretan. Herritarren iritziak aintzat hartuko dira bigarren eta hirugarren sarituak hautatzeko, eta garailea epaimahai batek erabakiko du. Azken hori Lasarte-Oriako Udaleko Berdintasun teknikariak, Gizarte Zerbitzuetako zuzendariak eta gaian adituak diren pertsonek osatuko dute. Horien iritzia apelaezina izango dela ohartarazi du udalak. Hiru sari banatuko dituzte hortaz; 120 euro irabazleari, 90 euro bigarrenari, eta 60 euro hirugarren lan bozkatuenari.