Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak RTko taldeek batean kale, bestean bale egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 25a, 13:30
Ohoezko B mailako taldea, Bera Beraren aurkako neurketan. Artxiboko irudia.

Michelingo kirol gunean jokatzekoak baziren ere, Euskal Ligako Ohorezko B mailako zein 16 urtez azpikoen errugbi taldeek Astin, Zarautzen lehiatu behar izan zuten jardunaldia hilaren 22an

Gazteek eman zioten hasiera goizari. Euren liga atseden izan arren, 7. jardunaldian atzeratutako partidari aurre egin zioten. Aurkaria Arrasate izan zen eta etxeko modura jokatu zuen.

Neurketa borrokatua izan zen. Hamabigarren minutuan markagailuan aurkako jarri zitzaien beltzei, arrasatearrek entsegua egin ostean. 

Gesalaga Okelan Zarautzeko gazteek ez zuten amore eman eta erasoan jarraitu zuten. Horri esker, bitan igaro zuten entsegu marra eta bi gauzatze ere lortu zituzten.

Bigarren zatian, berriz, markagailuak ez zuen mugimendurik izan. Taldeak defentsan sendo egon ziren eta metroak lortzea zail izan zen. Era horretara, 5-14 irabazi zuten norgehiagoka.

Ohorezko B mailako taldeak ez zuen zorte bera izan. Ekin eraikuntzak Arratiko Zekorrak RT taldearen aurka neurtu zituen indarrak beltzek eta bizkaitarrak izan ziren nagusi, 19-34.

Bi taldeak gogor hasi ziren lehian. Partida orekatua izango zela zirudien.  Aurkaria aurreratu zen markagailuan entsegu eta zigor ostiko baten gauzatzearen bitartez. Beltzek ongi erantzun zuten entsegu bidez.

Atsedenaldira iritsi baino lehen, berriro ere marra igaro zuten bizkaitarrek eta gauzatzea ere egin zuten.

Bigarren zatiko lehen minutuetan ez zen markagailuan mugimendurik izan. 60. minututik aurrera, berriz, talde bakoitzak bina entsegu zein gauzatze egin zituen. Eta azken minutuan ere bizkaitarrek beltzen azken marra igaro zuten.