Naroa Furundarena luzera jauziko zein jauzi hirukoitzeko Euskadiko txapeldun da

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 25a, 12:30
Naroa Furundarena, Euskadiko txapelketako luzera jauziko podiumean. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Hilaren 21ean eta 22an, Donostiako Antonio Elortza belodromoan jokatu da Euskadiko txapelketa. Ostadar Atletismoko Naroa Furundarenak luzera jauziko zein hirukoitzeko urrezko domina jantzi du. Furundarenaz gain, Real Sociedad taldeko Yeray Veronizek ere zilarrezkoa eskuratu zuen 60 m. lasterketan. Ostadarreko Oinatz Almagro eta Aiala Ramos kideak ere jauzi hirukotzeko finalean izan ziren lehian

Naroa Furundarenak luzera jauziko proba lehiatu zuen lehen jardunaldian. Hasieratik probako buru jarri zen 5,46 metroko jauziarekin. Nahiz eta bigarrenean baleko ez zen jauzi bat egin, ongi eutsi zion postuari (5,57; 5,88 eta 5,89) eta finalari amaiera emateko 5,9 metroko jauzia egin zuen.

Hurrengo egunean ere, jauzi hirukoitzeko lehian antzeko egoera bizi izan zuen. Lehen saiakeran domina eta titutlua emango zion jauzia lortu zuen herritarrak, 12,57 metro. Finaleko gainerako zazpi lehiakideek ez zuten marka hori gainditzerik izan. Guztiak 12 metrotik behera egin zuten jauzi.

Horien artean talde kide bat ere izan zuen Furundarenak, Aiala Ramos gaztea. Ramosek zortzigarren postuan amaitu zuen lehiaketa, 9,99 metroko markarekin. 

June Garcia ere izan ziren proba horretan parte hartzen. Gazteak ez zuen baleko jauzirik egiterik izan, ordea.

Proba horretako gizonezkoen mailan ere herritarrik izan zen. Oinatz Almagro finalerako sailkatu eta Ramosen antzera zortzigarren postua eskuratu zuen 12,07 metroko jauzia eginez.

Herritarren hirugarren domina abiadura proban etorri zen. Real Sociedadeko Yeray Veroniz 60 metroko txapeldunorde izan zen. Bere sailkapen proban garaile  (6,95) izan arren, finalean ezin izan zuen Iker Martos barakaldarra garaitu.

Abiadura proban ere Ostadarreko Alex Alkain (7,26), Unax Riezu (7,55), Iraia Alkorta (8,26) eta Maider Abete (8,30) eta Atletico San Sebastian taldeko kide Nerea Eugi herritarrek  (8,02) parte hartu zuten. Alabaina ez zuten finaletan sailkatzerik izan.

Ostadar Atletismo saileko arduradunak pozik daude Furundarenak jauzietako proban  egindako lanarengatik, baita 18 urtez azpiko bi atleta finaletarako sailkatu direlako ere.

Proba librea eta Galizia

Hori guztiaz gain, hilaren 22an, Kote Olaizola estadioan jaurtiketa luzeen proba izan zen. Ostadarreko Aiala Ramosek (28,79 m.) eta Helene Martinek (21,86 m.) 500 gramoko xabalina jaurtitzeko proban parte hartu zuten; bigarren eta bosgarren postuetan amaitu zuten saioa, hurrenez hurren.

Aiala Ramos, xabalina jaurtiketa proban. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Bestalde, taldekide Maider Rekondo Galiziako txapelketa nagusian lehiatu zen pisu jaurtiketa proban. 12,67 metroko jaurtiketarekin  probako bigarren markarik onena egin arren, ez zuen saririk jaso galiziarra ez izateagatik.