Intzako pilotariek ez zuten zorterik izan Udaberri zein Errendimendu txapelketetan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 25a, 11:15

Bikotekako Udaberri zein Errendimendu txapelketako jardunaldi berria jokatu dute Intza Kirol elkarteko pilotariek. Etxean, Zizurkilen eta Bergaran izan dituzte neurketak eta herriko kirolariak ederkilehiatu arren, ezin izan dute garaipena erdietsi. Trinkete Txapelketako lehen jardunaldian, aldiz, Intzako Diaz de Gereñu eta Urdanpilleta garaile izan ziren talde kide Olazabal eta Elosegui izan zituzten aurkari

Intza Kirol elkarteko pilotariek ez zuten zorterik izan bikotekako Udaberri zein Errendimendu txapelketetan. Ederki jardun ziren pilotariak, baina ezin izan zituzten aurkariak gainditu.

Michelin kirol guneko pilotalekuan bi txapelketa horietako partida bana ikusteko aukera izan zen hilaren 22an.

Errendimendu alebin lehen mailako lehia izan zen lehenik. Intzako Liher Fernandezek eta Oier Jauregik Hernani 3 bikotea izan zuen aurkari eta 6-16 gailendu ziren hernaniarrak.

Ostean, Udaberriko Jubenilen lehen mailako partidari egin zioten aurre Haritza Diaz de Gereñu eta Peru Urdanpilleta gazteek. Oiartzunen aurka neurtu zituzten indarrak herritarrek.

Neurketa hasieratik aurkaria jarri zen aurretik. Bi bikoteen arteko aldea ez zen handia. Baina 14-17 iritsi eta astindu ederra eman zioten kanpokoek markagailuari; bost tanto jarraian egin eta partida irabazi zuten.

Etxetik kanpo ere egoera ez zen hobea izan. Zizurkilen Errendimendu alebin 2. mailako bikoteak –  Ekhi Maiz eta Arkaitz Lasa – 16 -7 galdu zuen Ziotzaren aurka.

Eta Bergaran jokatu zuen Udaberri txapelketako jardunaldia jubenil 2. mailako bikoteak. Beñat Olazabal eta Pedro Elosegui ederki borrokatu ziren eta azken minutuetara arte neurketa irabazteko aukerak izan zituzten. Tamalez, bergararrek partidari amaiera ematen jakin zuten eta 22-18 irabazi zuten.

Elkarren aurka 

Trinketeko bakarkako lehian, aldiz, elkarren aurka jokatuz hasi dute jubenilek. Irurako Ametsa trinketean bildu ziren Olazabal, Diaz de Gereñu, Elosegui eta Urdanpilleta euren norgehiagokei aurre egiteko. 

Olazabal eta Diaz de Gereñuren arteko neurketaz gozatu ahal zen lehenik. Norgehiagoka berdindua izan zen, 34-35. Biek ederki jokatu zuten eta azken tantora arte ez zen garailea erabaki, Diaz de Gereñu.

Beste partidan, Elosegui eta Urdanpilleta izan ziren aurkari. Biek joko ona erakutsi arren, Urdanpilleta nagusi izan zen eta lasaitasunez garaipena erdietsi zuen, 19-35.