Buruntzaldea IKTko benjaminek erronkei aurre egin diete ligako bigarren saioan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 24a, 14:30
Ligako bigarren jardunaldian parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko txikienek KZL Liga/Testaren bigarren jardunaldia lehiatu zuten hilaren 21ean, Tolosan. Igeriketa taldeko 11 haur izan ziren parte hartzen. Erronkei aurre egiteko gai direla eta euren ikasketa prozesua (estiloak eta arautegia) aurrera doala erakutsi zuten

2014 eta 2015 urteko A mailako benjaminek bizkar estiloko 50 m. edo 100 m. proba egin behar zuten saioan. Gauzak horrela, Irai Jauregik eta Urko Azpiazuk proba motzean egin zuten igeri eta Axel Fuertesek, aldiz, 100 metrokoan. Buruntzaldea IKTko arduradunen hitzetan, "denak primeran aritu ziren".

Horrez gain, estilo libreko 6x25 m. errelebo mistoan ere izan ziren lehian Buruntzaldea IKTko kide horiek Igartza taldeko hiru neskekin batera.

Maila ona
Zaharragoek – 2012 urteko neska-mutilak eta 2011 urteko mutilek – banakako bi probetan egin zuten igeri: 50 m. bular eta bizkar estiloko 100 m. edo 200 m. Taldean, berriz, estilo libreko 4 x 50 m. erreleboa izan zuten.

Era horretara, taldeko guztiek lehen proban parte hartu zuten. Aizpea Barcina, Aiala Erro eta Amy Y. Sánchez kideak, aldiz, estiloko 100 m. proban aritu ziren. Eta June Apeztegia, Oier Jauregi, Aitor Ormazabal, Ander Martinez eta Liher Albizuk 200 metrokoari egin zioten aurre.

Prestatzaileek azaldutakoaren arabera, "Kategoria honetako gure haurrak ere oso txukun aritu ziren eta maila ona hartzen ari direla erakutsi zuten". Hala ere, hobetzeko gauzak ere badaudela azpimarratzen dute, bizkar estiloko biraketa.

Era berean, proba honen ostean, maiatzeko Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketarako sailkapena lortu duten igerilariak daudela jakitera eman dute: Jauregi, Ormazabal, Albizu eta Martinez.

Gainerako kideek ligako jardunaldi gehiago izango dituzte behar dituzten markak egiteko. Lehena etxean, Maialen Chourraut kiroldegian izango dute otsailaren 11n.