Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak partida borrokatua irabazi zuen

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 24a, 10:45

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak 2023 urte hasiera bikaina izan du. Jokatutako hiru partidetatik bi irabazi eta bat berdindu du. Azken garaipena hilaren 20an erdietsi zuen Euskaldunaren aurka. Partida borrokatua izan zen Maialen Chourraut kiroldegiko pistan ikusi ahal izan zena; garaipeneko puntuak galtzeko zorian egon zen Josu Lopezen taldea. Azkenean, 7-6 gailendu zen

Andoaingo Euskalduna taldea nagusi izan zen lehen minutuetan eta bi aukera garbi izan zituen Eguzkiren ate aurrean. Etxeko taldeak ez zuen galtzeko asmotik, ordea. Minutu batzuk behar izan zituen markagailuan aurreratzeko. Beñatek lapurtutako baloi batek aurkarien atean amaitu zuen eta gutxira korner baten ondorioz Landerrek bigarrena egin zuen. 

Kanpoko taldeak ez zuen amore eman eta neurketa berdintzeko ahaleginak egin zituen. Talde hori-beltzak, berriz, aldea handitzeko lanean ziharduen. Atsedenaldirako bost minutu falta zirela, fruitua izan zuten etxekoen ahaleginek. Mikelek zuzendutako kontra bati esker, Eguzkik hirugarrenez zulatu zuen aurkariaren atea.

Azken minutuan, berriz, Josu Lopezen jokalarien hutsegite baten ondorioz aurkariak gola egin zuen. Atsedenaldira 3-1 iritsi ziren.

Nekea
Bigarren zatian etxeko taldeak gorabehera dezente izan zituen.Hasieran ederki jokatu ziren Lasarte-Oriako taldeko jokalariak eta Erik eta Igorren golei esker 5-1 jarri zen markagailuan. 

Garaipena eskuan zutela zirudien arren, Euskaldunak aldea murriztu zuen bi jokaldi ezberdinetan; areaz kanpoko jaurtiketa bat eta penalti bat. Aukera gehiago ere izan zuten Eguzki lau jokalarirekin geratu baitzen. 

Egoera ikusirik, Euskaldunak atezain jokalaria atera zuen eta horren ondorioz, Josu Lopezen taldeak bitan baloia lapurtu eta  7-3 jarri zen markagailuan. Seigarren gola Mikelek egin zuen eta zazpigarrena, berriz, osatu berri eta denboraldiko lehen minutuak jokatzen zituen Arcok.

Neurketa erabakia zegoela uste arren, Eguzkiko jokalariek  neurketan egindako esfortzuaren ondorioak jasan zituzten eta andoaindarrek egoera ongi baliatu zuten partidari interesgarri jartzeko. Falta bat eta bi jokaldi nahikoak izan ziren 7-6 jartzeko. Azken 48 segundoetan ere ederki borrokatu ziren berdinketa lortzeko. Alabaina ez zen denbora nahikoa izan eta etxekoek eraman zuten saria.

Josu Lopez Eguzkiko entrenatzailea pozarren dago taldeak 2023 urte hasierako jardunaldietan egin duen lanarekin. Lortutako puntuek jokalariei animoak eman eta sailkapeneko azken postuak uzteko baliagarri izatea espero du herriko prestatzaileak. Urtarrilari amaiera emateko aurkari gogorra izango du, ordea; hirugarren postuan den Ingou Coinbroker Aloña.