Real Sociedadek ezin izan zuen Bartzelona garaitu Superkopako finalean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 23a, 16:15
Real Sociedad taldeko jokalariak – Iraia Iparragirre, makurtuta ezkerretik lehena – eta talde teknikoa, txapeldunordearen sariarekin. Arg.: Real Sociedad.

Iraia Iparragirre kide duen Real Sociedad eta Bartzelona aurkari izan ziren atzo eguerdian Superkopako finalean. Natalia Arroyok zuzentzen duen talde txuri-urdinak ederki egin zion aurre Bartzelonari. Alabaina, kataluniarrek ongi baliatu zituzten erasoan sortutako aukerak eta 0-3 gailendu ziren

13. minutuan bigarrenez atera iritsi zenean, 0-1ekoa egin zuen Aitana Bonmatik Geyseren jokaldi baten ostean. Aurkako markagailua izan arren, Reala ez zen makurtu, aurkerak sortu eta ederki eutsi zion Bartzelonari. Atsedenaldira iritsi baino lehen aldea handitzeko aukera izan zuen aurkariak, baina buruko errematea kalera joan zen.

Bigarren zatia hasi bezain pronto, iritsi zen aurkako bigarren gola. Oraingoan ere ederki elkar ulertu ziren Geyse eta Aitana eta Letek ezin izan zuen geratu  azken horrek eskuinetik areaz kanpo egindako jaurtiketa. Horri esker, katalanak partidan nagusitu ziren; atera iristea ez zen hain erraza izan, ordea. Realak defentsa lan ederra egin zuen eta Bartzelonak zati horren erdialdera hirugarrenez txuri-urdinen atea zulatzeko aukera izan zuen arren, azken minutura arte ez zuen lortu; Oshoalak sartu zuen. Hori baino lehen, Arroyoren jokalariek aldea murrizteko aukera garbia izan zuten kontraeraso batean. Tamalez, Franssik egindako erremate gurutzatua Pañosek harrapatu zuen.

Iraia Iparragirre herritarra aulkian egon zen bere taldekideak animatzen.

Nahiz eta txapeldunorde izan, Realeko kideak pozik daude txapelketan egindako lanarekin. Finalean, ganera, jokalariak hasieratik bukaerara lehiatu eta dena eman zuten. Orain, ligako hurrengo jardunaldiei begira egingo dute lan.