Hotzari dantzan aurre egin diote

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 22a, 14:31

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak antolatuta, 2023ko lehen saioa egin dute igande eguerdian Okendo plazan, 12:00etatik 14:00etara. Goiz hotza izan bada ere, eguzkiaren beropean gorputzari eraginda berotu dira. 

Hogeita hamar bat lagun batu dira plazan  oinak mugitu eta dibertitzeko, muxiko saioak aurrera egin ahala partaide kopurua aldatzen joan bada ere. Banaka, binaka edo taldean dantzan aritu dira, eta gorputza berotu dute, batzuek berokia kentzera iritsi arte. Plazan zeudenen arreta piztu dute, erritmoa jarraitu dute batzuek, dantzara batu dira beste batzuk, eta dantzariak grabatu dituenik ere izan da. 

Plaza Dantza egitasmoan euskal dantzari buruzko ezagutza gehiago edo gutxiago duten lagunak elkartzen dira ikasturtean zehar elkarrekin trebatzeko. Halaber, hilabeteroko laugarren igandean egin ohi dute dantza plazan. Entseguak, berriz, asteartero Sasoeta LHko gimnasioan, 20:00etatik aurrera. Egitasmoan parte hartu nahiko duen edonork prestaketa saioetara joateko  695 78 53 89 telefono zenbakira deitu behar du.