Zumaburu kaleko 5eko lokala elkargune dute gaurtik aurrera ELOP Lasarte-Oriako militante eta kideek. 11:00etan zuten hitzordua hura ezagutzeko, baina barrura sartu aurretik Garrido eta Echevestek kazetariei adierazpenak egin dizkiete. Maiatzeko hauteskudeei begira dituzten asmoak azaldu eta egungo egoera politikoaren gaineko irakurketa egin dute. Jarraian, talde argazkia egin dute Tolosarekin, Donostiako alkategai Victor Lasa eta Hernaniko Jaione Ariztegi eta Lourdes Lopez zinegotziekin.
Barrura sartuta, adierazpen gehiago egin dituzte. ELOP Lasarte-Oriako alkategai Tolosak eskerrak eman dizkie bertaratu diren beste alderdietako ordezkariei, ekitaldian Jon Antxordoki, Estitxu Garmendia, Sandra Barkaiztegi eta Pablo Barrio izan dira. Zehaztu duenez, azken zortzi urteetan udalak udaletxean utzitako leku batean lan egin dute eta lokala zabaltzeak xede du bizilagunengandik gertuago egotea, "baina ez gure aldetik, beraientzat heltzea errazago izan dadin, baizik. Ikusten genuen beldurra edo kontua zutela udaletxera galdetzera joateko". Hortaz, gonbita egin die ekarpenen bat egin nahi dutenei: "Ateak zabalik daude, zuen zain gaude".
Tolosaren aurretik, Garrido eta Echevestek ere hitz batzuk esan dituzte. Euskadiko Podemosek 9 urte bete ditu gaur, eta denbora horretan egindako aldaketei begira jarri da Irungo zinegotzi eta ahaldungaia. Moldaketa ugari izan badira ere, helburu berari eusten diotela berretsi du: "eraldatzea eta erakundeak modu demokratiko eta gertuagokoan aritzea. Herritarren ahotsa entzun dadila klientelismoa eta espekulazioaren gainetik", eta indarrean dauden tokian egingarria dela erakusten dutela. Halaber, Echevestek azaldu du beste alderdiek aldaketaz hitz egiten badute ere eta herritarren iritzia jaso, erakundeen funtzionamendua aldatzeko "erresistentzia handia" dute. "Oso eroso daude eta ez dute politika egiteko beste modurik ikusten", aldaketei "muga asko" jartzen dizkiete; Podemosek, berriz, hori egin ahal izatea bultzatzen du, "aldaketa gauzatzea posible dela".
Garridok, berriz, Espainiako Gobernuan daramatzaten hiru urteak ere ospatzeko arrazoia badirela nabarmendu du, "herritarren eta gehiengo sozialen interesak erdigunean jarrita" erabakiak hartu baitituzte. "Alderdi bakarra gara ulertu duena eskubideetan eta bizi kalitatean aurre egin dezakegula mugak jarrita denon bizitzarako oinarrizkoak diren ondasunekin –janaria, etxebizitza...–espekulatu eta salerosi nahi dituztenei". Ildo horretan hartutako erabakietako batzuk gainbegiratu ditu eta egoera zail honetan "dena gutxi bada ere", bidea hori dela ohartarazi du, izan ere, "aurrerapenak" eta "okerren pasatzen ari direnak sostengatzea" lortu baitute.
Adierazpenak bukatuta, mokadutxoa egin dute bertaratutakoek.