LOTMEK Nerbioiko ur-jauzira ibilbidea eginez emango dio hasiera 2023ko irteerei

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 20a, 09:45
LOTMEko kide Aguado eta Casas (ezkerrean) eta Caballero (eskuinean), probak amaitu ostean.Arg.: LOTME.

Mendiko zaletuek gailur ugari igotzen dituzte urtean zehar. Bakarkako plana da batzuetan, eta besteetan, lagunartean edo elkarteren baten laguntzarekin egitekoa. Azken horietako bat Lasarte-Oria Trail Mendi Elkartea (LOTME). Sortu zenetik euren bazkide eta lagunekin maila ezberdinetako ibilaldiak egiteko aukera eskaintzen du eta 2023an egingo dituen irteerei buruzko informazioa argitaratu du herriko taldeak bere webgunean

Lehena, otsailaren 12an izango da. 19 kilometroko ibilbidea eginez Nerbioiko ur-jauzia eta bere inguruak ezagutzeko aukera izango dute otsailaren 9a baino lehen izena ematen duten bazkide eta herritarrek. Bidearen xehetasunak eta txangoaren prezioak LOTMEren webgunean daude eskuragarri. 

Urtean zeharreko gainerako irteerak honakoak dira:

  • Martxoak 12 Aratz.
  • Apirilak 16 Erlo - Xoxote - Kakute.
  • Maiatzak 21 Lekunberri - Uharte Arakil.
  • Ekainak 25 2. Martxa familiarra.
  • Urriak 21-22 Garmo Negro.
  • Abenduak 17 Txindoki.

Lasterketak

Bestalde, LOTMEko kide eta lagunek ez dute atsedenik hartzen. Hilaren 15ean, Pasai Donibaneko XII. Mitxintxola Mendi Lasterketa taldeko Ines Aguadok (25.19) bigarren postua eskuratu zuen eta ber kide Mertxe Casas, aldiz, laugarren (30.45) izan zen.

Egun berean, Katalunia aldean ere izan zen kiderik lehian. Sitgesko 39. Mitja Maratoian parte hartu zuen Mikel Caballerok eta 41 kilometroko ibilbidea egiteko 01.24.42 behar izan zituen.