Taula Xake Klubak bihar ekingo dio Ligari

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 20a, 09:00
Taula Xake Klubak antolatutako Lagunarteko txapelketako irudia.

Xakeko Gipuzkoako Liga hasi da. Hilaren 14an eta 15ean, jokatu zuten lehen jardunaldia maila ezberdinetako taldeek. Lasarte-Oriako Taula Xake Klubak atsedena izan zuen eta hilaren 21ean emango dio hasiera lehiari.

Hirugarren mailan parte hartuko du herriko taldeak eta helburu garbia dute mailaz igotzea. "Iaz hirugarren sailkatu ginen eta igoerako atarian geratu ginen. Aurten helburua igoera izango da", adierazi digute Taulako kideek.

Jose Ignacio Etxeberria, Juan Cruz Figueras, Alex Sanchez eta Juan Luis Varela izango dira jardunaldiz jardunaldi bigarren mailara igotzeko borrokatuko diren kideak. 

Esperientzia eta formakuntza lortzeko asmoarekin 2022 urtean entrenamendu saioak gehitu eta bakarkako torneo ezberdinetan jardun dira Taulako kideak. "Ostiraletan 17:00etatik 20:00etarako gure lokalean egiten ditugun saioez gain, bestelako entrenamenduak ere egin ditugu", azaldu dute.

Denboraldi honetako lehen aurkaria Hondarribia Marlaxka D taldea izango da. Hitzordua hilaren 21ean, larunbatarekin, 16:00etan izango da Taula Xake Taldeak erabiltzen duen Blas de Lezo kaleko lokalean. 

Hurrengo jardunaldietan, berriz, Bidasoa E, Zumaiako C eta D, Agustin de Leiza B, Txaturanga, Domusa Azpeitia B eta Billabona E izango ditu aurrez aurre. Pausoz pauso Taula Xake Klubeko kideak euren xedea lortzeko egingo dute lan.