Landaberri LHkoak izan dira lehenak. 15:00etan hasi dira geletatik irteten, ordenean, eta anfiteatroa betetzen, urtero bezain ikusgarri. Dianarekin ekin diote danborradari, eta atzetik jo dituzte Donostiako Martxa, Tatiago, Lasarteko Martxa eta Realaren ereserkia. Bukatu ostean, talde argazkiak egin dituzte banan-banan, eta geletara erretiratzen ari zirela, Athletic futbol taldearen doinua ere jo dute.
Ikastetxeko txikiek, aldiz, Garaikoetxeako gimnasioan egin dute saioa txandaka. Maria Dolorez Iturbe eta euren ikaskideen zuzendaritzapean, Sarriegiren doinuen erritmora astindu dituzte danborrak. Eta Tatiago zein Realaren ereserkian ederki dantzatu eta urratu dituzte eztarriak kantuan.
Horien ostean entzun dira danbor hotsak Sasoeta ikastetxean; Zumaburukoekin batera, gimnasioan egin dute aurtengo ospakizuna. Sardeska eta goilara urdindun kapela zuriz bete da eraikina. Sukaldariz jantzita gehienak, danborrak gerrian lotuta eta egurrezko makilak eskuetan agertu dira. zuzendari lanetan aritu diren ikaskideen aurrera. Txukun-txukun gidatu dituzte danbor jotzaileak, eta horiek ere trebetasun handiz jarraitu dituzte aginduak. Irakasle eta gurasoak ere bat egin dute beraiekin, eta askotariko doinu ezagunak jo dituzte denek elkarrekin. Horien artean entzun ahal izan dira Lasarte-Oriako ereserkia eta baita Errealarena ere.