Eman eta jasotzearen magia

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 19a, 09:00

TrukeLandia izeneko egitasmo bat prestatu Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak, GurasoLandia programan parte hartzen ari diren guraso eta haurrentzat. Manuel Lekuona Kultur Etxean aurkeztu dute; magia eta kolorez betetako ekitaldia izan da. TrukeLandian izena eman nahi dutenek otsailaren 10era arteko epea izango dute, ostiralarekin.

Esperientzia, bizipen eta ezagutzak trukatzea ere magikoa izan daiteke. Haurrekin batera egitea, are magikoagoa. Hala nola, ardi bat marraztea eta kotoia erabiltzea ilea irudikatzeko edo paperezko hegazkinak egin eta urrutira jaurtitzea. Horrelako gauzak eta beste asko egin daitezke TrukeLandian, iazko partaideetako batek, Leire Bardaji herritarrak, aurkezpen ekitaldian azaldu duenez. Porrotx pailazoak, Jagoba Mendizabalek eta Vicky Castrok (hiru aurkezleek) oholtzara igotzera gonbidatu dutenean zehaztu du hori guztia, eta ez hori bakarrik, Hiru txerritxoak ipuin ezaguna irakurri duelako seme-alabekin batera. Bi txikiak arduratu dira otsoaren ufadak egiteaz.

Leireren seme-alabak ez dira izan taula gainera igo diren haur bakarrak, izan ere, bertan izan dira baita ere danbor jotzaileak, kaldereroak eta egurrezko makilekin oles egin dutenak, lurra esnarazteko. Emanaldi horien ostean, magia trikimailu polit bi egin ditu Porrotxek, txikienak liluratuta utzita. Amaitzeko, Zerutik eskura kantarekin batera, koloretako puxikak puztu dituzte gurasoek, oholtzan zeuden umeek eskuetan hartu eta zerura jaurti ditzaten, lurrera erortzen utzi gabe. 

Izen ematea, zabalik

Egitasmoaren izenak dioen moduan, esperientziak trukatzea da helburua, hilabetean behin, Gurasolandian parte hartzen ari diren familien artean. Horietako bakoitzak ezagutza bat partekatuko du besteekin, hala nola errezetak, abestiak, jolasak, ipuinak, eta abar. Antolatzaileek gogoratu dute izena emateko epea irekita dagoela otsailaren 10era arte, ostiralarekin. Aurkezpen saioan izan direnek eskuorri bana jaso dute inskripzioa egiteko, baina badago beste modurik egitasmoarekin bat egiteko: WhatsApp mezu bat bidali beharko dute interesa dutenek 695 78 53 89 zenbakira, edo kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi.

GurasoLeku egitasmoaren adarretako bat da GurasoLandia, GurasoLagun eta GurasoTegirekin batera. Urte batzuk daramatza martxan, xede honekin: herriko haurrak elebidun oso bihurtzea, familietan euskararen transmisioa bultzatzearen bidez. Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Ttakun Kultur Elkarteak, eta herriko ikastetxeek zein euskaltegiek osatzen dute lan mahaia, eta proiektua koordinatzen dute.

Erlazionatuak

Zer da TrukeLandia?

Txintxarri Aldizkaria 2023 urt 18 Euskara

Danbor hotsak, TrukeLandian ere bai

Txintxarri Aldizkaria 2023 urt 18 Euskara

Lurra esnarazi dute, makilkadaka

Txintxarri Aldizkaria 2023 urt 18 Euskara