Iaz bezala, ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko dira aurten ere San Pedro Jaiak, eta horiek prestatzeko herritarren iritziak bildu nahi ditu udalak. Horretarako, prozesu parte hartzaile bat abiatuko du, lasarteoriatarrek euren proposamenak helarazi ditzaten.
Proposamenak egiteko bi bide izango dituzte herritarrek. Batetik, astelehenetik aurrera etxeko postontzian jasoko duten eskuorrien bidez. Horiek bete eta parte hartze postontzietan utzita; kiroldegian, udaletxean, kultur etxean, Emakumeen Zentro Zibikoan eta Gaztelekuan daude bana. Bestalde, sarean egiteko aukera ere izango dute, www.lasarte-oria.eus atarian sartu beharko dute interesdunek, parte hartze atalean.
Iaz bezala, aurten ere hiru multzotan banatu dituzte egin daitezkeen proposamenak. Alde batetik euskal musika taldeak proposatu ahal izango dituzte herritarrek; bestetik, nazio mailakoak; eta, hirugarrenik, musika taldeak ez diren bestelako jarduerak (antzerkiak, jokoak, eta abar).
Otsailaren 12a izango da izango da aipatu prozesuan parte hartzeko azken eguna; herritarrek bertan parte hartzera deitu dituzte udal ordezkariek.
Behin prozesu hori amaitutakoan, festak iragartzeko afixaren lehiaketari, eta txupina jaurtiko duen omendua aukeratzeko prozesuak abiatuko dituela ere jakinarazi du.