Hernani eta Gaztediren arteko norgehiagokan, gasteiztarrek eraman zuten saria

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 18a, 14:15

Paola Vega herritarra, Hernaniko erasoa antolatu nahian. Arg.: Kronika.

Hernaniko Landare zelaian, hilaren 15ean, Hernani eta Gaztedi taldeak izan ziren aurrez aurre Euskal Ligako Ohorezko mailako jardunaldian. Lasarte-Oriako taldeak izan ez arren, herritarren arteko errugby norgehiagoka izan zen; bata zein besteko hamabostekoko kide bana – Paola Vega Hernaniren kasuan eta Gaztediko Aizpea Racamonde – lasarteoriatarrak dira

Eguraldia alde batera utzita, Hernani eta Gaztedik neurketa gogorra jokatu zuten. Bi taldeak azken postuetan zeuden sailkapenean eta puntuak beharrezkoak zituzten gora egiteko. Azkenean, Gaztedik eraman zuen saria; 5-15 irabazi zuen Racamonderen taldeak eta laugarren dago taulan.

Hernanik ez zuen lan erraza, gainera. Hamasei jokalarirekin aurkeztu zen neurketara eta zazpigarren minutuan, jokalari batek orkatila bihurritu ostean zenbaki hori murriztua ikusi zuen. Hala ere, ongi eutsi zieten hernaniarrek Gaztediko enbatei eta 19. minutura arte ez zuen Gasteizeko taldeak entsegu marra igarotzea lortu.

Etxeko taldeak ez zuen amore emango, ordea eta hurrengo minutuetan eraso eta defentsa jokaldi ugariz gozatu zuten zaletuek.Horietako batzuetan herritarrak izan ziren protagonista. Racamondek Vega plakatu eta lurrean amaitu zuten biek, esate baterako.

Nahiz eta lehen zatiaren amaieran Hernaniko kirolariek nekea sumatu, ederki eutsi eta geratzen ziren minutuetan markagailuan aldaketarik ez egotea lortu zuten.

Atsedenaldiaren ostean, aldiz ausarta agertu zen Hernani; hamahiru jokalari zelairatu zituen eta erasoan jokatu zuen. Egoera horrek zelaiko alboak libre utzi zituen eta hortaz baliatuz, gasteiztarrek bigarren entsegua egin zuen.

Markagailua kontrakoa bazen ere, etxeko taldeak bigarren zatiko hasierako planteamendua jarraitu eta erasoz eraso Gaztedi bere eremuan sartzea lortu zuen.

Alabaina, 65. minutuan, Hernanik pase batean huts egin eta Gaztedik aukera ederki aprobetxatu zuen aldea handitzeko.

Horren ostean, etxekoen egoerak okerrera egin arren – hamabi jokalariren geratu zen Hernani–, metroak irabazi eta entsegu marrara iristeko ahaleginak egiten jarraitu zuen. Hala nola, Vega herritarra behin baino gehiagotan saiatu zen aurrera egiten, baina ezin izan zuen Gaztediren defentsa hautsi. Eta 80. minutuan, fruitua jaso zuen Hernaniren lanak entsegu baten bitartez. 

Bi taldeen arteko borrokak azken minutura arte iraun zuen, baina ez hernaniarrek ezta gazteiztarrek ere ez zuten arriskuko aukerarik sortu.