Buruntzaldea IKTko igerilariek marka eta gutxieneko ugari lortu dituzte Gipuzkoako Kluben arteko kopan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 18a, 12:45
Kluben arteko kopan parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko absolutu, jubenil eta infantil mailako 11 igerilari Irungo Azken Portu igerilekuan izan ziren hilaren 14an eta 15ean, Gipuzkoako Kluben Arteko Kopan lehian. Aurten talde guztiak maila berean lehiatu dira, ez da A edo B mailarik berezi

Buruntzaldea IKTko Igeriketa taldea emakumezko zein gizonezko lehian lehen postuetan izan ez ziren arren, bakarkako probetan 22 marka pertsonal ondu eta txapelketa garrantzitsuetarako zenbait gutxieneko ere eskuratu zituzten.

Unai G. Somovilla, June Lopez, Saioa Elola, Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui, Alba Escribano, Miren Sarobe, Irati Etxeberria, Mayi Gorostegui, Ane Meyer eta Amaiur Iparragirre izan ziren proba ezberdinak burutu zituzten kideak. Igeriketa taldeko arduradunek  adierazi dutenez, "ezin izan dugu nahi bezala bete proba programa osoa, gizonezkoetan batez ere (bi kide lehiatu dira) eta horretaz gain, lesio edota bestelako egoeren ondorioz, ez genuen aukerarik podiumean egoteko".

Hala ere, lau jardunaldiri aurre egin zieten Buruntzaldea IKTko kideek eta emaitza txukunak izan direla onartu dute entrenatzaileek; emakumezkoek bederatzigarren postua eskuratu dute eta gizonezkoek hamahirugarrena. "Giro paregabea izan zuten gureek eta ustez, honek nork bere proban jarritako esfortzuan lagundu zuen," adierazi dute.

Emakumezkoen kasuan, erreleboetako probak nabarmendu dituzte: "errelebo guztiei aurre egin behar izan zieten (guztira bost) haien proba indibidualez gain eta esan beharra daukagu, oso txukun aritu zirela, kasu gehienetan marka hobekuntzak egon zirelarik".

Era berean, igeriketa taldeko prestatzaileek June Lopezen jarduna azpimarratu nahi izan dute. Lesio baten ondorioz berriro lehian hasi zen gaztea. Erreleboetan bere denboretatik gertu ibili zen eta bere proban, 100 m. bizkarren, marka pertsonala egitea lortu zuen.

Markak eta gutxienekoak 

Markei dagokionez, 22 marka pertsonal berri lortu zituzten igerilari gazteek:

  • Mayi Gorostegui: bizkar estiloko 50 m., 37,77; 100 m., 01.22,85 eta 200  m. 02.57,82 eta 400 m. lau estilo, 06.35,76.
  • Iker Gorostegui: 100 m. eta 200 m. lau estilo, 01.07,29 eta 02.22,11 eta tximeleta estiloko 100 m.,  01.05,03 eta estilo bereko 200 m., 02.23,07.
  • Garazi Etxeberria: 400 m. libre, 04.41,48, 400 m. lau estilo, 05.24,70 eta 100 m. bular, 01.19,72.
  • Irati Etxeberria: 50 m. tximeleta, 37,39 eta 50 m. bular, 47,62.
  • Miren Sarobe: 50 m. tximeleta, 32,39; estilo bereko 100 m., 01.15,90 eta 200 m., 02.48,12.
  • Alba Escribano: 100 m. lau estilo, 01.23,54 eta 200 m. libre, 02.27,82.
  • Saioa Elola: 800 m. libre, 10.33,99 eta 50 m. bizkar, 36,42.
  • Ane Meyer:  50 m. libre, 35,27.
  • June Lopez: 100 m. bizkar, 01.11,93.

Horietako batzuk Euskal Herriko txapelketarako zein infantil mailako Gipuzkoako Udako gutxienekoak dira. 

Hala nola, Iker Gorosteguik 100 m. tximeletan eta arestian aipatutako, June Lopezen markek Euskal Herriko txapelketan egotea ziurtatzen die Buruntzaldea IKTko bi kideei. 

Horiez gain, oraindik hilabeteak falta diren arren, Mayi Gorosteguik eta Ane Meyerrek infantil mailako Udako txapelketarako sailkapena eskuratu dute.