Solaskide izateko aukera, hilaren 30era arte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 17a, 15:20

Solaskide egitasmoan izena emateko epea hilaren 30era arte zabalik dagoela gogorarazi dute Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Ttakun Kultur Elkarteak eta Udal Euskaltegia nahiz Muntteri AEK euskaltegiek. Bi baldintza besterik ez dituzte bete behar partaideek: euskaraz komunikatzeko gutxieneko maila edukitzea eta astean behin ordubetez talde batean aritzeko konpromisoa hartzea. Interesa dutenek kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatz dezakete edo 695 78 53 89 telefono zenbakira deitu.

Solaskide egitasmoko partaideek bi rol izan ditzakete: batetik, Bidelariak, euskara praktikatu nahi duten pertsonak; eta, bestetik, Bidelagunak, euskaraz aritzeko urratsak egiten ari direnei laguntzen dietenak. Taldetxotan biltzen dira eta, normalean, kafe baten bueltan, osteratxo bat emanez edo zaletasunak partekatzen aritzen dira euskaraz, giro ederrean.

Antolatzaileen arabera, Bidelagunen premia dute batez ere, alegia, Bidelariei euskaraz pausuak ematen lagunduko dieten pertsonenak. "Hasiberriak direnei bultzadatxo bat emango diezuenon bila ari gara".

Solaskide, Solaslagun, Berbalagun, Mintzalagun... Herrien eta euskalkien arabera hartzen du izena egitasmoak. Lehen taldeak 1993an sortu zituen Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkarteak; ordutik, milaka euskaldunek hautatu dute euskaraz bizi eta aritzea eta, gaur egun, 7.000 lagun inguruk parte hartzen dute Euskal Herri osora zabaldu den programa horretan.