Hilaren 14an, Donostiako Antonio Elortza belodromoan pista estaliko Bizkaiko zein Gipuzkoako txapelketak lehiatu dira. Ostadar Atletismo saileko Naroa Furundarena, Oihana Igarriz eta Oinatz Almagro, Real Sociedadeko kide Yeray Veroniz zein Aloña Mendiko Jon Presa. Lasarte-Oriako bost atleta horiek euren probetako podiumetan izan dira.
Furundarenak lortu zuen garaikur nagusia; jauzi hirukoitzean jantzi zuen urrezko domina. 12,60 metroko jauziarekin lehiaketako buru izan zen eta Espainiako txapelketarako gutxienekoa lortu zuen herritarrak.
Gizonezko mailako proba berean ere izan zen dominarik. Oinatz Almagrok Gipuzkoako bigarren postua eskuratu zuen bere marka pertsonala gaindituz, 12,19 m.
Pisuko proban batu zuen Ostadarrek hirugarren domina. Oihana Igarrizek 10,30 metroko jaurtiketari esker, zilarra jantzi zuen.
Gainerako bi dominak 60 metroko finalean eta 1.500 metroko lasterketan eskuratu zituzten herritarrek. Realeko Veronizek bigarren postua (6,91) erdietsi zuen abiadura proban. Aloña Mendiren izenean lehiatzen den Presak ere postu berean sailkatu zen 1.500 metroko lasterketan. Bere marka pertsonala ere berdindu (04.08,42) zuen.
Horiez gain, herriko taldeko beste bi kideren jarduna ere azpimarratu behar da. Alex Alkainek, esate baterako, 60 m. lasterketako final aurrekoan marka berritu (7,23) eta finalean lehiatu zen zazpigarren sailkatuz.Abiadurako proba motzean ere marka pertsonala egin zuen Unax Riezuk (7,45).
Euskadiko kros txapelketa
Bestalde, Jon Presak ez zuen atsedenik izan asteburuan. Domina jantzi eta orduetara, Ortuellan zegoen beste bi herritarrekin batera – Aimar Sukuntza eta Unax Goenaga – Euskadiko kros txapelketan. Ibilbideko lokatzari eta hotzari aurre egin behar izan zieten parte hartzaileek hilaren 15ean.
Absolutu mailako lehian egon zen Presa eta 33.37 marka ri esker, hamalaugarren postuan amaitu zuen proba. Kategoria berean lehiatu zen Zumeatarra taldeko Sukuntza ere. Gazteak 34.39 egin zuen helmugan.
Goenaga, aldiz, 20 urtez azpiko lehiaketan izan zen. Lehen hamarren artean amaitu zuen lasterketa eta 28.01 marka egin zuen.
Harrobia ere lanean
Horrez gain, Ostadar Atletismo saileko eskola martxan da Gabonen oparraldiaren ostean. Arduradunek jakin arazten dute, atletismoan bere lehen pausoak eman nahi dituzten benjamin, alebin eta infantil mailako haur eta gaztetxoek aukera dutela izena emateko.