Peru Urdanpilleta eta Haritza Diaz de Gereñu jubenil mailako Trinketeko txapeldun dira

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 17a, 10:45
Peru urdanpilleta eta Haritza Diaz de Gereñu, txapela buruan eta garaikurra eskuan. Arg: Intza Pilota Elkartea

Intza Pilota elkarteko jubenilek Trinketeko garaikurra jaso dute. Irurako Ametsa trinketean Gipuzkoako txapelketako bi final jokatu ziren hilaren 15ean. Neurketa interesgarriak ikusi ahal izan zituzten trinketeko zaletuek. Udaberri txapelketa eta Errendimenduko Gipuzkoako txapelketako lehen jardunañdiak ere izan dituzte herriko pilotariek

Kadeteen Behar Zana 3 eta 1 bikoteen arteko lehiak eman zion hasiera Trinketeko txapelketako finalen jardunaldiari. Amasa-Villabonako pilota taldeko hirugarren bikoteak eraman zuen saria 40-20

Bigarren partidan izan zen berri ona Intza pilota elkartearentzat. Diaz de Gereñu eta Urdanpilleta jubenil bikoteak Gazteleku izan zuen aurrez aurre eta herritarrak nagusi izan ziren.

Sendo hasi zuten neurketa Intzako gazteek eta 0-9 aurreratu ziren markagailuan.

Hala ere, Andoaingo J. Cestau eta B. Salvador bikoteak erasoari erantzun eta puntuetan gerturatzea lortu zuen, 10-14. 

Ez zen nahikoa izan, ordea; Intzako bikoteak neurketako kontrola hartu eta markagailuko aldea handitzen joan zen garaipena erdietsi arte. Azken emaitza Gazteleku 21- Intza 40 izan zen.

Era honetara, iaz Udaberri txapelketako jubenilen 2. mailan egin antzera, Haritza Diaz de Gereñuk eta Peru Urdanpilleta gazteek trinkete modalitateko txapela eta garaikurra eskuratu zuten.

Jose Felix Solano Intzako arduradunaren hitzetan, "jubenilek neurketa bikaina egin dute. Maila ederra erakutsi dute".

Banakako

Baina jubenilek ez dute euren bikotekako garaipena lasai ospatzeko astirik izango; hilaren 21ean, trinketeko eskuz banakako lehiari emango diote hasiera. Ez dira Lasarte-Oriako pilota taldeko ordezkari bakarrak izango, Beñat Olazabal eta Pedro Elosegui  gazteek ere txapelketa horretan parte hartuko dute.

Intzako kideak bi multzo ezberdinetan daude banatuta – Diaz de Gereñu eta Olazabal A multzoan eta B taldean, aldiz, Urdanpilleta eta Elosegui– eta gogor hasiko dute lehia; lehen jardunaldian elkarren aurka jokatu beharko dute.

Bi lehia batera

Eta ez hori bakarrik, Intzako lau pilotari horiek Udaberri txapelketako bikoteko hasiera eman diote hilaren 13an eta 14an.

Diaz de Gereñu eta Urdanpilletak jubenil 1. mailako hitzordua izan arren, ez zuten partidarik jokatu; aurkariak, Ilunpe 2 bikoteak lehiaketa utzi baitu.

Olazabal eta Elosegui, aldiz, bigarren mailan ari dira. Hilaren 14an, Hernaniren aurka lehiatu zuen herriko pilota elkarteko bikoteak neurketa Michelin kirol guneko pilotalekuan. 

Etxeko bikoteak ezin izan zuen X. Iturbe eta O. Legorretak osatutako bikotea gainditu. Nahiz eta aurkaria markagailuan nagusi izan (5-22), Intzako pilotariek ederki borrokatu zuten.

Bestalde, lehiaketa horretako  Nagusien 1. mailan bada beste lasarteoriatarrik, Jon Pello Artetxe. 

Behar Zana elkartearekin  lehiatzen ari da denboraldia herritarra eta I. Lizaso bikote lehen mailako norgehiagokan parte hartuko du. 

Lehen jardunaldian, Tolosako Altuna-Beloki bikotearen aurka neurtu dituzte indarrak eta 15-22 gailendu dira tolosarrak. 

Txikiek ere garaipena

Txapelketa horiez gain, Intza Pilota eskolako gaztetxoak ere pilotalekuan borrokan ari dira. Errendimendu mailako alebinek Gipuzkoako lehiaketako lehen jardunaldiari egin zioten aurre hilaren 14ko asteburuan.

1. mailako bikoteak atsedena izan zuen. Bigarren mailakoak, ordea, hasiera ederra izan du; Hernani 2 izan zuen aurkari Michelin kirol gunean eta 16-6 irabazi zuten.

Markel Lopez eta Eñaut Huizi gaztetxoek partida ederra egin zuten euren zaletuen aurrean. Intzako alebinek eroso jokatuz partida kontrolpean izan eta nagusitasunez gainditu zuten E. Barrenetxea-A. Iglesias bikotea.