GurasoLandia egitasmoan dabiltzan gurasoak TrukeLandiara gonbidatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 16a, 16:08

Asteazkenean, urtarrilaren 18ean egingo da saioa, Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan, 17:30etik aurrera. Ttakun Kultur Elkarteak eta Udalak elkarlanean antolatzen duten egitasmoa da

Egitarauari buruzko zertzelada batzuk eman dituzte antolatzaileek: talde bakoitzak koreografia eta abesti bana taularatuko ditu; iaz Trukelandian parte hartu zutenetako batzuek haien esperientzia kontatuko dute; eta Porrotx pailazoak dinamizatuko du ekitaldia.

Izenak berak adierazten duenez, trukean oinarritutako jarduera da TrukeLandia. Hilabetean behin, modu autonomoan hiru familia elkartu, eta bakoitzak ezagutza bat partekatuko du besteekin. Elkar irakatsiko duten hori askotarikoa izan daiteke: errezeta, esperimentua, abesti jolasa, ipuina, eta abar.

Bertaratzeko, gonbidapenak
Aldez aurretik izena eman beharko dute. Horretarako bideak hauek dira: posta elektronikoz aisia@ttakun.eus helbidean  edo 695 78 53 92 whatsapp zenbakian . Eskertuko genizueke behar duzuen gonbidapen kopurua zehaztea.  Zerrenda osatuko dugu eta asteartean eta asteazkenean bulegoan bertan ahalko dituzue jaso 9:00etatik 13:00ak bitarte eta 16:00etatik 18:00k bitarte. Bestela egunean bertan, Manuel Lekuonan, 17:00etatik aurrera. Ikuskizuna doakoa da.