ESKUALDEA

Beterri Saretuz egitasmoko kideak Andoainen elkartuko dira bihar

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 17a, 09:00
Argazkia: Beterri Saretuz.

Beterri-Buruntza eskualdea "ekonomia eraldatzailean, inklusioan eta partaidetzan oinarritutakoa" izateko helburuz lanean ari da Beterri Saretuz egitasmoa, xede hori erdietsi nahi duten enpresa eta eragileen sarea. Bihar egingo dute aurtengo aurreneko topaketa, Andoaingo Martin Ugalde parkean, 09:30ean. Ekintza planak azaldu eta partaideen artean partekatuko dituzte.

Zenbait eragile eta enpresek 2019an jarri zuten martxan Beterri Saretuz, Gipuzkoako Foru Aldundiare laguntzarekin. Haien aburuz, ekonomia sozial eraldatzailea "ezinbesteko tresna" da Beterri-Buruntza eskualdearen eta bertan bizi direnen garapenerako, eta horretan oinarritutako ekosistema bat garatzea sustatzen ari dira. Norabide horretan urrats bat gehiago egingo dute bihar, hilak 18, Andoaingo Martin Ugalde parkean, 09:30ean hasiko den topaketan. Antolatzaileek jakinarazi dute izena emateko epea zabalik dagoela oraindik. Tramitea egitasmoaren webgunean egin behar dute parte hartu nahi dutenek.

Asteazkeneko topaketan sustatuko dute partaideen arteko harremanak estutzea eta "hainbat gairen inguruan" hausnartzea, adibidez, izan beharreko izaera juridikoaz, funtzionamenduaz eta finantzaketaz. Horrez gain, Debagoiena 2030 egitasmoko kideak gonbidatuko dituzte, eskualde horretan lantzen ari direna sakon ezagutzeko: lurralde horren garapen komunitarioa bultzatzea xede duen sare ireki bat da. Elkarlanean ari dira eskualde horretako udal, elkarte eta eragile ekonomikoak.

Formakuntza saioak, martxo amaierara arte

Antolatzaileek etziko topaketa baliatuko dute parte hartzaileek dituzten beharrak ezagutu eta horien araberako formakuntza saioak prestatzeko, otsailetik hasi eta martxo amaierara arte. Iaz Esperientzia Trukeak izeneko zikloa aurrera eraman zuten: laneko inklusibitatea, bazkidetza ereduak eta eskualdeko emakumeen foro bat eratzea jorratu zituzten, besteak beste. 

Bestalde, Beterri Saretuzeko kideek zehaztu dute lanketa berezi bat egiten ari direla eskualdeko hezkuntza eragileekin eta zenbait egitasmo dituztela eskuartean, hala nola "ekonomia sozial eraldatzailea hezkuntza zentroetan lantzeko bideak arakatu eta garatzea edota Lanbide Heziketan ari diren ikasleentzat "azoka berezi bat" sortzea. Lehen pausoak eman dituzte honezkero, iragan abenduan Hernaniko Iturola Elkarlan Sorgunean bildu zirelako, Olatukoop-eko kideen eskutik ekonomia sozial eraldatzailearen oinarriak ezagutzeko.