Atsobakarreko kirol eremuko lanak adjudikatzea adostu du udalbatzarrak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 16a, 14:59

Urtarrileko ohiko saioa egin du udal korporazioak. Atsobakarren egingo duten kirol eremuko lanak eta Basaundi bailarako etxebizitzen birgaitzerako dirulaguntzak landu dituzte, besteak beste.

Construcciones Mariezkurrena SL eta Construcciones Zubieder SL enpresek osatzen duten ABEEak (Aldi Baterako Enpresa Elkartea) aurrera eramango ditu Atsobakarreko kirol instalazioen lanak, udalbatzarrak hala erabakita. Urtarrileko ohiko saioan jorratu dute gai hori korporazioko kideek. Udal gobernuaren proposamenak aurrera egin du, PSE-EE, EAJ-PNV eta EH Bilduren aldeko bozkekin, eta ELOPen abstentzioarekin. ABEE horrek hamabi hilabete izango ditu lanak burutzeko, kontratua sinatzen duten egunetik kontatzen hasita. Aurrekontua 6.553.854,32 eurokoa izango da.

"Pozik" dago alderdi jeltzalearen bozeramaile Jon Antxordoki, proiektu horri "hasteko itxura" ikusten diolako. "Udal gobernua zoriontzen dugu gai izan delako 2023 hasieran horri ekiteko, nahiz eta gogoratu nahi dugun 2015eko gure programako puntu nagusietako bat zela". Bestalde, adierazi du EAJ-PNVri "pena" ematen diola udal gobernuak egitasmoa gauzatzeko dirulaguntza bat galdu izana 2020an. 

EH Bilduren baiezkoa "kritikoa" dela zehaztu du Jon Martinek. "Gure herriaren beharrei erantzungo dien azpiegitura bat izan arren, atzerapen nabarmena izan du, 2016an publizitatu zuelako orduko udal gobernuak. Iazko irailean aurreratu genuen urtea bukatu aurretik nekez hasiko zirela lanak; tamalez, asmatu egin dugu". Horrez gain, Martinek azpimarratu du aurrekontua garestitu egin dela: "4,7 milioi eurotan zegoen kalkulatua egitasmoa 2017an, eta 6,5 milioikoa izango da azkenean". 

Udal gobernuaren izenean, Agustin Valdivia alkateak eskerrak eman dizkie alderdiei proiektua babesteagatik. Gehitu du nahiago izan duela proiektua adjudikaziora atera aurretik itxarotea eta prezioak berrikustea. "Lehenago atera genezakeen, baina inor ez aurkezteko arriskuarekin".

Basaundiko dirulaguntzak

Basaundi bailarako etxebizitzak moldatzeko egitasmo bat aurrera eramango du udalak: batetik, eraikinetako irisgarritasuna hobetu ahalko dute bizilagunek, eta bestetik, energetikoki birgaitu. Lan horietara zuzendutako bi dirulaguntza lerrori buruz jardun dira udalbatzarrean. ELOPeko kide Miguel Angel Tolosak azaldu du abstenitu egin dela, gaiari buruzko informazioa garbi eta garaiz jaso ez izanagatik: "Badakigu udal gobernuak bilera batzuk egin zituela bizilagunekin dirulaguntzen kopurua negoziatzeko, eta oposizioari informaziorik ez zioten eman". Horrez gain, kritikatu du urtarrilean ohiko batzorderik egin ez izana: "Txostena lehenago jaso izan bagenu, denbora gehiago izango genukeen hori aztertu eta herritarrekin elkartzeko; proiektuaren alde egingo genukeen".

Nahasmendua sortu du ekarpen ekonomiko horien gaiak, EH Bilduk adierazi duenez, ez dagoelako garbi zehaztuta lerro bakoitzarekin zein lan egin daitezkeen. "Dirulaguntzak onartzera goaz baina ez dakigu bizilagunek zein lan egin ditzaketen zehazki horietako bakoitzarekin, irisgarritasuna edo efizientzia energetikoa hobetzearen artean aukera dezaketen, ala bietan egin behar dituzten moldaketak". Alkateak erantzun du harremanetan jarriko dela Eusko Jaurlaritzarekin, afera hori zehazteko.