Hobe elikatu, hobe bizitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 14a, 15:02

Zabaletako auzo elkarteak antolatuta, sukaldaritza makrobiotiko ikastaroaren lehen saioa egin dute larunbat goizean. Gorka Gereño sukaldariak elikadura mota honi buruzko azalpenak eman dizkie, eta zenbait plater prestatzen irakatsi ere.

Dozena bat lagunek parte hartu dute larunbat goizean Basotxo plazako bizilagun elkartearen lokalean egindako ikastaroan. Bi saioz osatua, lehenengo hiru orduak aurrera eraman dituzte, nahiz eta luzatu diren, eta gaur zortzi beste hainbeste izango dute zain.

Azukiak sutan jarrita, elikadura osasuntsu baterako osagaiak zerrendatuz hasi du saio Gereñok: Proteinak, karbohidratoak, mineralak, bitaminak eta lipidoak. “Hori da beharrezkoena osasuntsu izateko, horik ateratzen den guztia bizioa da”, gehitu du txantxetan. Elementu horiek nondik lor daitezkeen zehaztu du ere. Esaterako, bitaminak algetatik; eta lipidoak, oliotik. Gutxi eta  frijitzeko bakarrik baliatzen dute, eta ohartarazi du frijitzeko prestatuta dagoena erabili behar dela, 200 gradutan (frijitzeko behar dena) olioa erre egiten baita.

Aulkietan eserita entzun dituzte bertaratutakoek Gereñoren azalpenak. Koadernoa eskuetan, oharrak hartu eta galderak ere egin dizkiote, beraiek dakitena baieztatzeko edo zalantzak argitzeko. Nabari zen batzuek gaiaren gaineko ezagutza badutela. Plateren osagaiak prest izan dituenean, altxa, eta gertutik ikusi ahal izan dute zertan ari zen sukaldaria. Menua azukia tipula eta azenarioekin, kinoa barazkiekin eta arroz eta hegaluze hanburguesekin, eta granola frutarekin izan da. Amaieran elkarrekin dastatzeko aukera izan dute. 

Orekatua eta norberaren neurrira

Hogei urte daramatza Gereñok alor honetan sartuta. Donostiako Intxaurrondo auzoan jatetxe makrobiotikoa du, baina sukaldari ibilbidean Arzaken edo Zuberoan ere aritu zen aurretik. Aurreiritzien kontra dihardu. Behin eta berriro errepikatu ditu bi ideia nagusi: ez da muturrera eraman behar eta norberak on egiten diona bilatu behar du. Egia absoluturik ez dago, norberaren araberakoa da; bakoitzak probatu eta ondorioztatu behar du zerk egiten dion mesede (edo kalte), dituen beharren arabera. Askok makrobiotikari egozten dioten zorroztasunaren aurrean, zoratu gabe aritu behar dela uste du, eta nork bere burua astean sei egunetan zainduz gero, zazpigarrenean "nahi duena" egitea duela dio. “Elikadura aldatu behar da hobe bizitzeko; okerrago bizitzeko ez duzu aldatzen, penitentzia batean bizitzeko”.

Elikagaiak aukeratzerakoan ez genuke hemisferioz aldatu behar, eta bakoitzaren onurak jakiteaz gain, kaltegarri edo txar zer duten ere jakin beharko luketela herritarrek, euren kabuz erabakitzeko. Hala, adibidez, patata, tomatea, piperra edota alberjinia kontsumoa mugatu beharko litzateke. “Tabakoaren familiakoak dira, solanazeak. Solanina osagai kimiko bat da gorputzean pilatzen dena eta arazo muskularrak eragiten ditu”. Gauza onak ere badituzte, baina “arazo txikiak” eragiten dituztenez, kontsumoa mugatu egin behar dela uste du. “Muturrera jo gabe, kontzienteki eta neurrian hartuta”. Oreka bilatu eta behar berezirik ez dutenek "denetarik eta ahalik eta zabalen" jan. 

Oreka da gakoa. Elikagaiak yin (hotza) eta yang (beroa) dira, duten energiaren arabera, eta  elkartu egin behar dira ahal dela muturrekoetara jo gabe, tartekoak erabilita. Adibidez, azukrea eta gatza daude bi muturretan. Oinarria zereal integralak, lekaleak eta barazkiak dira, sasoikoak ahal dela. Haragia zortzi egunean behin edo jan daiteke, hobe zuria bada: untxia, indioilarra, oilaskoa, oiloa...