Oria ibaiko hiru presa txiki eraitsi nahi ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 12a, 12:01

Michelin 2 izeneko presa txikia gure herrian dago: irudian, eskuin aldean.

Usurbilgo Noaua aldizkariak berri eman duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako sailak jendaurrean jarri du Oria ibaiko hiru presa txiki eraisteko proiektua. Hilaren 12tik hasita, herritarrek hogei egun dituzte egitasmoa zertan den irakurri eta, beharrezkoa dela iritziz gero, erreklamazioak aurkezteko. Esteka honetan eskura daiteke dokumentua.Injelan SL enpresak erredaktatu du txostena: aurrekontua 88.748,15 eurokoa izango da (BEZa barne), eta exekuzio epea, hiru hilabetekoa. "Michelin 1, Michelin 2 eta Asteasuainzarra presa txikiak bota eta ateratzeko lanak dira", azaldu du Aldundiak. 

Aipatu hiru presa horiek Oria ibaiko Iturrarte uhartearen bi aldeetan daude. Donostiako lurretan daude gehienbat, baina Michelin 2 eta Asteasuainzarraren eskuineko zatiak, Lasarte-Orian eta Usurbilen, hurrenez hurren. Gure herrian dagoena ikusteko, Uistin kale albotik doan ibaiertzeko bidea jarraitu besterik ez duzue egin behar, eta Txikierdira ematen duen pasealekutik jaitsi. Hori bai, garbi-garbi ezin da ikusi, ibaiaren zati hori zuhaitzek estaltzen dutelako.

Baimena, abuztuaren 16an 

Noaua-k berak zehaztu duenez, Uraren Euskal Agentziak joan den urteko abuztuaren 16an zuen proiektuko lanak bideratzeko baimenaren berri. Data horretan egin zuen eskaera Gipuzkoako Foru Aldundiak. 

Arestian esan bezala, egitasmoa jendaurrean jarri dute, eta herritarrek otsailaren 1era arte izango dute erreklamazioak jartzeko, obra horiek Oria ibaiari eta ingurugiroari kalte egiten diotela uste badute. Era berean,  presen inguruan bizi direnek abagunea izango dute "ukitutako finken titulartasuna eta ondasun zein eskubideen zerrenda balioztatzeko". 

Injelan SLk prestatutako txostena aurrez aurre eskuratu nahi dutenek Obra Hidraulikoetako Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetara joan beharko dute (Gipuzkoa plaza, Donostia), astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00etara.