Herriko atletek Gipuzkoako txapelketari egingo diote aurre larunbatean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 12a, 11:15
Naroa Furundarena, luzera jauziko saiakera batean. Arg.: Gipuzkoako Atletismo Federazioa / @gupodesign

Ostadar Atletismo saileko kideek eta herriko atleta federatuek pista denboraldiko lehen hitzordu garrantzitsua izango dute hilaren 14an Antonio Elortza Belodromoan, maila absolutuko Gipuzkoako txapelketa. Herriko taldeak 11 kide aurkeztuko ditu lehiaketara eta hainbat kirolari lehen postuetan egotea espero dute taldeko arduradunek. Horiez gain, Jon Presa eta Yeray Varela herritarrak ere izango dira pistan

Lehiaketa hau prestatzeko bi saio izan dituzte abenduan zehar herriko kirolariek eta Ostadarreko kideek markak ondu dituzte. 

60 metroko abiadura proban izan dira gehienak: Iraia Alkorta (8,17), Maider Abete (8,24), Alex Alkain (7,34) eta Unax Riezu (7,52). Aiala Ramosek, aldiz, 3 kiloko pisuarekin lortu zuen marka berritzea, 9,32 m.

Eta jauziko probetan ere izan zen berri onik talde urdin-beltzarentzat. Nahiz eta markarik ez berritu, Naroa Furundarenak 23 urtez azpiko Espainiako txapelketarako gutxieneko markak egin ditu bai jauzi hirukoitzean (12,34 m.), baita luzera jauzian (5,90 m.) ere. 

Bestalde, hilaren 8an, aire libreko jaurtiketa proba egin zen Kote Olaizola Mini estadioan. Eguraldia lehiarako aproposa izan ezean, taldeko Maider Rekondo (39,88 m.) eta Oihana Igarriz (32,68 m.) disko jaurtiketako lehen postuetan izan ziren.