Intzako Diaz de Gereñu eta Urdanpilleta bikoteak trinketeko Gipuzkoako finala lehiatuko du igandean

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 10a, 15:30
Jubenil bikotea (erdian), Ezker horma txapelketako partida batean.

Intzako kirol elkarteko jubenilen lehen bikoteak trinkete modalitateko Gipuzkoako txapelketako finala jokatuko du hilaren 15ean, igandearekin. Haritza Diaz de Gereñuk eta Peru Urdanpilletak hilaren 7an lortu zuen sailkapena. Hernani 1 garaitu zuten Irurako Ametsa trinketean izan ziren finalerdietan

Intzako pilotariek maila ona erakutsi zuten partida hasieratik. Hernaniko X. Iturbek eta O. Alegriak tantoak ongi borrokatu zituzten arren, Lasarte-Oriako bikoteak sendo markagailuan aurre hartu zuen; 13-24 egotera iritsi ziren.

Hernaniko kideek ez zuten amore emango, ordea. Euren onena emanez, partida eta markagailua orekatu zituzten  (30-30) eta aurretik egotera ere iritsi ziren (32-30).

Oldarraldia baretu arte eustea besterik ez zuten izan Intzako jubenilek. Orduan, agintea hartu eta bederatzi tanto egin zituzten jarraian (32-39). Neurketa 33-40 amaitu zen. 

Intzako arduradun Jose Felix Solanok pozarren dago jubenilek finalerdian egindako lanarekin: "Ondo jokatu zuten". 

Hilaren 15ean, berriz, Gazteleku izango dute aurkari. Andoaingo bikotea lehen finalerdian gailendu zen norgehiagoka borrokatuan, 37-40.

Beste lehiaketak

Era berean, hurrengo bi asteburuetan beste lehiaketa batzuei emango diete hasiera pilota taldeko kideek.

Errendimendu kategoriako alebin bikoteek Gipuzkoako txapelketari egingo diote aurre. 

Jubenil mailako gazteek bi txapelketa modalitate uztartuko  dituzte. Pilotalekuan bikotekako Udaberri txapelketa jokatuko dute eta trinketean, berriz, buruz buruko txapelketa izango dute.