Bazterturiko ahotsen mosaikoa osatu dute Oriako kaperan

Txintxarri Aldizkaria 2023ko urt. 9a, 09:00

Harresi Guztien Gainetik taldeak XII. Errezitaldia aurrera eraman du igande arratsaldean Karmengo kaperan. Argindarrarekin arazo batek ia ordu erdiz atzeratu du emanaldiaren hasiera. Hori gabe gauza zezaketena egiteari ekin diotenean, ordea, argiak piztu dira. Ordu eta erdiren bueltan iraun duen saioan bizipenak, musika, dantza eta ikus-entzunezkoak josi ditu giro intimoan.

Elizako eserlekuek biribila osatu dute eta haietan eseri dira partaideak eta ikus-entzuleak. Aldarean, Xumela abesbatzako kideak, koruan, txalapartariak,  eta lau iskinetan,  mikro bana. Hori eskaini diete periferian daudenei: erdigunea, argia eta entzunak izatea. Zoruan jarritako paperean aurtengo izenburua osatzen duten hizkiak marrazten joan dira, zenbait diziplina artistikoren bidez baztertutako ahotsen mosaikoa osatu dute bitartean. Kanpoan uzten dituen ardatzetako batzuk hormetan zintzilik zeuden: generoa, arrazializazioa, immigrazioa, zahartzaroa... Batzuk elkarren artean nahasi dira modu batera edo bestera adierazitako lekukotzetan. 

Irudi finko eta audio baten bidez, pandemiak adinekoen egoitzetan eragindako egoera eta bizi baldintzak kartzelakoarekin alderatu ditu bertan izan zen emakume batek. Hura irudikatzen zuen beste batek, zaintzaileak lagunduta, kapera erdian zegoen eskailerara igo, argia piztu, eta aldarera joan da. Handik zaharra eta emakumezkoa izateagatik jasan behar duena azaldu du. Jarraian, ondoan zituenek abestu dute. 

Argiak piztu eta itzali egin dituzte, aldian-aldian, hitza zutenak argituz. Diagonalean, elkarri begira, alde banatan jarrita, denboraren erlatibotasunaz aritu dira Julene Illarramendi eta Sandra Barkaiztegi. Kartzelako bisitetako minutuak gainerakoak baino laburragoak direlaz edo minbizia bezalako gaitzek ematen dieten balioaz. Amaitzean, aldarearen parez pare eserita zeuden Elektropottotteko kideek Berriz min hau abestu dute.

"Besteen" lekukotzak

Arrazializazioa eta immigrazioa ere bazterkeria irizpide izaten dira. Txalaparta doinuek lagunduta, Ixiar Arteagak irakurri du bi aldagai horiek dituen emakume baten gutuna. Kanpotar edo "beste" (bertakoen "gu"-tik at) izateagatik eta horri lotutako uste txarren ondorioz, saltokian lapurreta egin nahi izatea egotzi edo seme-alaben ikastetxeko guraso baten proposamen lizunak jasan behar izan ditu, euren buruak arrazistatzat ez dituztenengandik. Gogoeta horri beste ikuspuntu bat gehitu dio Salec Mohamed sahararrak, bere herrikide diren lau emakumek dantzan egin ondoren. Iñaki Etxegia 'Patxok' eta Pablo Barriok, berriz, euskara eta Lasarte-Oriaren euskalduntzea izan dute hizpide.

Maialen Aristegik Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak liburuko Lau, bost, sei harresi poema musikatu du; eta kartzela barrutik jasotako idatzien txanda heldu da. Transmaribollo kolektiboko kideek irakurri dituzte Aitzel Iriondoren hitzak eta lau kideek eliza erdian besarkatuta bukatu dute. Xabier Gallaga eta Ibon Fernandez Iradik Zaballa eta Martuteneko espetxean, hurrenez hurren, bizi dutenari buruz idatzitakoen berri ere eman dute. 

Eta hala, emanaldiaren amaierara heldu dira. Xumelako kide Joxe Mari Agirretxek hitz batzuk esan ditu, gainerakoek koloretako puxikak puzten zituzten bitartean. Imanol Urbietak 80 urtetik gora zituela  haurrak eta zaharrak elkarrekin aritzeko asmoz sortutako Zerutik eskura kanta abestu dute. Puxika aireratu eta abesteari utzi gabe, norberak berea nahiz besteena lurrera ez erortzea zaintzen du.

Hori izan da eskerren aurreko azken parte hartzea. Prestaketan aritu diren Miren Gojenola eta Mikel Laskurain aktoreak aipatu ditu Arteagak, eta Joseba Tapiak jotako musikak lagunduta, kalejira egin dute sortu duten erdigune horretan. Bukatzean, ilunpean eta isiltasunean, Iriondoren eta berarekin Lannemezanen dagoen preso baten hitzak entzun dituzte hormari begira. Bertan,  "Bazterturiko ahotsen mosaikoa gara" irakur zitekeen.

 

 

Erlazionatuak

Maialen Aristegi - 'Lau, bost, sei harresi'

Txintxarri Aldizkaria 2023 urt 09 Politika