2022ari errepasoa: otsaila

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, azken hilabeteetan jazotako albiste nagusiekin. Hauek dira otsailekoak.

Mozorroak herriko kaleetara bueltan

Osasun neurri ia denak kenduta, gogotsu bizitu zituzten Inauteriak lasarteoriatarrek. Ikastetxeetako irakasle eta ikasleak izan ziren irudimena (eta gorputza) dantzan jartzen lehenak. Ondoren, Ttakun Kultur Elkartearen Amarauna Kluba, Gazte Kluba eta Kuadrillategiko gazteak. Larunbatean, berriz, herritarren eta konpartsen txanda izan zen, eta igandean, Euskal Inauteriena.

Hamabost urte itsas hondoa irudi bidez bisitatzen

Real Sociedad taldeko itsaspeko sailak, Lasarte-Oriako Udalak eta Danok Kide elkarteak antolatuta, Itsaspeko Zinema Zikloaren XIV. edizioak beste behin itsasoaren azpian dagoena ezagutarazteko aukera eman zien lasarteoriatarrei. Hilabeteko hiru astetan egindako emanaldiekin batera, ikastetxeetako gaztetxoetzat Txikizikloa ere egin zuten, "kontzientzia har dezaten"; eta aurtengo ziklora aurkeztutako argazki onenen erakusketa jarri zuten kultur etxeko kafetegian.

Euskarazko kultur jardueren berri emateko eskuorria

Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak hurrengo hilabeteetarako antolatutako jarduera sortaren berri eman eta herritarren ekarpenak jasotzeko eskuorria prestatu eta zabaldu zuten.

Santa Agedaren omenez, santa eskean

Herriko zenbait eragilek bertan behera utzi zituzten aurtengo saioak, baina, hala ere, usadioari eutsi zioten Erketz EDT dantza taldeko kideek eta santa eskean irten ziren. Halaber, herriko ikastetxeetako ikasleek ere makilak astinduta oles egin eta herriko kaleak girotu zituzten.

Nahia Zudaire, jubenil mailako Espainiako txapeldun 

Igeriketa Egokituko AXA Espainiako Txapelketan nagusitu zen Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire igerilaria. Jubenil mailan gailendu, eta sailkapen orokorren podiumeko hirugarren mailara igo zen. S8 mailako lau probatan parte hartu zuen eta lehen postuan amaitu zuen guztietan: 400 m. estilo librean, 100 m. estilo librean, 100 m. tximeleta eta 200 m. lau estilotan.

Emozioetan oinarritutako Sara Etxeberriaren artelanak

Sara Etxeberria Zapirain lasarteoriatarrak Bideak erakusketa ikusgai jarri zuen Agora tabernan. Hiru hilabetez hormetan zintzilik egon ziren Arte Ederretako ikaslearen koadroak. Basoko Maxuxta izen artistikopean sinatuta, teknika ezberdinekin egiten ditu lanak denbora librean.

2022ko Interneteko Argia saria 'Badok.eus' atariari

Badok musika atariak jaso zuen 2022ko Interneteko Argia saria. Euskal musikaren erakusleiho digital hori koordinatzeaz arduratzen da sorreratik Jon Eskisabel herritarra.

Aintzane Usandizagaren ipuin ilustratua, Esther Ferrerri buruz

(Ia) guztia moztu eta itsats daiteke. Esther Ferrer eta denbora liburu ilustratua aurkeztu zuten Aintzane Usandizaga idazle lasarteoriatarrak eta Aran Santamaria egileak. Parisen bizi den artista donostiarra da Ferrer, eta haren lana bistaratzeko asmoz osatu zuten liburua, San Telmo Museoan ikusgai zegoen Baginen Bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak erakusketari lotuta. Emakume artisten lanak euskarri "egonkorrago" batean biltzeko  asmoa du bildumak.

Dominak Pista Estaliko Euskadiko Txapelketan

Donostian jokatutako Pista Estaliko Euskadiko Txapelketan Ostadar Atletismo Saileko Naroa Furundarena eta Oihana Igarriz podiumera igo ziren, baita Real Sociedad taldeko kide Yeray Veroniz herritarra ere. Guztira lau domina eskuratu zituzten herriko atletek baita markak ondu ere. Furundarenak bi urre lortu zituen, Igarrizek eta Veronizek, berriz, zilar bana. Egun batzuk geroago, Furundarenak zilarra lortu zuen 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan, jauzi hirukoitzeko proban eta zazpigarren izan zen luzera jauzikoan.

Irakurle Txokoaren bertso saioa, inoiz baino literarioagoa

Iazko hutsunearen ondoren, Irakurle Txokoak zazpigarrenez egin zuen bertso saio literarioa. Otordurik gabe, gainerakoan betikoari eutsi zioten: Uxue Alberdi, Ane Labaka eta Maialen Lujanbio aritu ziren bertsotan Miren Agur Meabe idazleak jarritako gaiekin. Lekeitiarrak horietarako inspirazio iturri izan zituen herriko historia, zenbait istorio, eta idazle lasarteoriatar batzuen lanak.

Mendebaldeko Sahararekiko elkartasun jarduerak

Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeak janari bilketa egin zuen urtarril amaieran eta elkartasun ekimenei eutsi zien otsailean ere. Ali Salem Iselmu idazle eta kazetari sahararrak hitzaldia eman zuen, auto karabana egin zuten eta otsailaren 27an, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zenetik 46 urte bete ziren egunean, elkarretaratzea.

Laura Huesok ‘Otsoa' liburua aurkeztu du herrian

Senide, gertuko eta Aspanogiko lagunez inguratuta aurkeztu zuen Laura Hueso herritarrak Otsoa liburua. Semeari 3 urte zituela leuzemia diagnostikatu zioten eta bizitakoa azaltzeko sortu zuen kontakizuna. Manuel Lekuona Kultur Etxean egindako aurkezpenean, ondoan izan zituen Aspanogiko psikologo eta gizarte langile Marijo Gonzalez eta Nekane Lekuona, eta Amaia Agirre bertsolari eta elkarte bereko kidea.

Errugbi barneratzaile partida, lehenengoz, Michelinen

Bultza Ligako neurketa bat jokatu zuten lehenengoz Michelin kirol gunean. Hernaniko Landare zelaia erabilgarri ez zegoenez, Hernani CRE eta Universitario de Bilbao talde barneratzaileak herrikoan aritu ziren elkarren aurka. Neurketa amaitzean, Hernani CREko lehendakariak oroigarri bat eman zion Beltzak Errugbi taldeko beteranoen presidente Juankar Ciriari, eskertza moduan.

Argi Iturralderi eta Iñaki Balerdiri omenaldia 

Hemeretzi urte bete ziren hilaren 28an Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi lasarteoriatarrak auto istripuan hil zirela. Ezbeharra Almeriako espetxean preso zegoen Juankar Balerdi senidea bisitatzera zihoazela gertatu zen.  Joxe Balerdi, presoaren aita, aldiz, larriki zauritu zen.  Askatasuna parkeko oroitarrian elkartuta egin zieten omenaldi xumea herritarrek. Halaber,  abagunea baliatu zuten dispertsioak eta salbuespenezko neurriek indarrean jarraitzen dutela salatzeko.

Andaluzia Eguneko ospakizunak, bezperan

Egunaren bezperan hasi zituzten Andaluzia Eguneko ospakizunak Arantzazuko Ama parrokian egindako meza rocieroarekin. Semblante Rociero koruak eta Duende taldeko neskek parte hartu zuten elizkizunean, eta ondoren, Atsobakar auzoko egoitzan bazkaria egin zuten. Bazkaria arintzeko, Katak taldeak flamenko emanaldia egin zuen. Hurrengo egunean, hilak 28, elkarteko lehendakari kargua hartu zuen Juan Navarrok eta Ohorezko topa egin zuten.

Koronabirusaren intzidentzia tasa, gero eta txikiagoa

Otsailean 329 lagun kutsatu ziren Lasarte-Orian. Urteko lehen hilabetea pandemia hasi zenetik intzidentzia gehienekoa izan zen, baina egoera erabat aldatu zen aste gutxiko tartean.

Geltoki kaleko lanak esleituta,  237.995 eurotan

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi zuen lanak egingo zituela Geltoki kalean, bertako saneamendua eta irisgarritasuna hobetzeko. Asfaltados y Construcciones Morga enpresari adjudikatu zizkion, 237.995 eurotan. Egin beharreko lanak: ur hornidurarako burdinurtu modularreko kanalizazioa jarri, ibilgailuen abiadura moteltzeko zoladurak berritu; kultur etxe pareko oinezkoen pasabidea aldatu; Geltoki kaleko 12 eta 14 zenbakien artean pasabide bat egin eta gune horretan espaloia zabaltzea.