2022ari errepasoa: martxoa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, hamabi hilabeteotan gertatu denaren errepasoa. Hona hemen martxoak eman zuena.

Berdintasun teknikaria eta saila

Martxoaren 8aren harira egindako ekintzak bere eskaera berresteko baliatu zituen herriko mugimendu feministak: Berdintasun teknikari bat kontratatu eta alorreko sail bat sortzea. Herritarren atxikimenduak bildu zituzten eta oposizioko alderdiek bat egin zuten, udalbatzarrean horren aldeko mozio bat aurkeztuta.

Trukelandia, sendiek ezagutzak partekatzeko

Familien artean euskararen transmisioa indartzea da Gurasolandia egitasmoaren helburua. Iaztik bertan dabiltzanek Trukelandian ere partzeko aukera dute. Hilabetean behin elkartu eta ezagutzak partekatzen dituzte: errezetak, abestiak, jolasak, ipuinak... Kide berriei haren nondik norakoak azaltzeko ekitaldia egin zuten kultur etxean.

Avenida tabernaren 40. urteurrena

Lehen aldiz, 1982an zabaldu zituen ateak Avenida tabernak. Rosa Ventosok eta Juan Rodriguezek kudeatzen zuten orduan negozioa eta urte askoan bertan lanean aritu ondoren, Yon Mikel semeak hartu zuen ardura 2012an. Urtebetetzea bezero eta herritarrekin ospatzeko, 40 urte gogo betez festa egin zuten.

Xake klub berri bat du herriak 

Xake Klubak biltzen zituen herriko xake zaletuak Blas de Lezo 11 zenbakiko Danok Kideren lokalean. Nahiz eta klubak bere jarduna eten, bere izaera mantendu egin zen eta 2021. urte amaieran, orduko kide talde batek kluba berriro irekitzea erabaki zuen. Herriko xake zaletasunari berriro bultzada emateko xedez, Taula Xake Kluba eratu zuten kokaleku berean.

Oztaran-Arranbide auzoa birgaitzeko plana

Hiritik At enpresak Oztaran-Arranbide auzoan egin daitezkeen esku hartzeen gidalerroak zehaztuko dituen plan zuzentzailea landuko du. Prozesuak 48.684 euroko aurrekontua du eta auzotarren laguntzat garatuko dute, hiru fasetan: diagnosia, proposamenen bilketa eta dokumentuaren aurkezpena. 1960 eta 1970 hamarkadetan garatutako auzoan "irisgarritasun falta dago, espazio publiko berriak sortu behar dira eta etxebizitzen energia plana ere hobetu behar da" azaldu zuen alkateak aurkezpenean.

Barne galderei erantzunak bilatu, argazkien bidez

Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira udalak antolatutako egitarauaren barruan, Idoia Telleria Maritxalar argazkilariak Ni naiz, Idoia erakusketa atondu zuen. Hamabi irudiz osatutako proiektu "oso intimo eta pertsonala" da, Idoia desberdinak erakusteko ariketa eta egilearen barne galdera askoren erantzunak: "Aldaketa pertsonal eta profesionalak, emakume izatea, ama izatea, nire sustraiak, nondik natorren eta nora noan...".

Elkartasun kilometroak ukrainarrei laguntzeko

Errusiak otsailaren 20an hasi zuen Ukrainaren aurkako erasoa, eta egun gutxitan, gatazkak eragindako ukrainarrei laguntza emateko ekimenak loratzen hasi ziren, baita Lasarte-Orian ere. Fernando Furundarena herritarrak proiektu humanitario batean parte hartu zuen Ukraina eta Eslovakia arteko mugan. Elikagaiak, sendagaiak, arropa, garbiketa produktu... eraman eta 26 ukrainar ekarri zituzten. Yon Pavon eta Borja Coca herritarrak. berriz, Krakovian (Polonia) izan ziren. Materiala eraman zuten hara eta bi familia ekarri zituzten Euskal Herrira. Halaber, Ludotekan materiala gerrak eragindakoentzat materiala jasotzen hasi ziren.

Herriko euskararen egoerari buruzko solasaldia

Korrika Kulturalak antolatuta, Euskararen egoera herrian; nondik gatoz, non gaude eta nora goaz solasaldia egin zuten Ttakunenean. Luze eta zabal hitz egin zuten gaiaz sei gonbidatuek: Joxe Mari Agirretxe, Iñaki Arruti, Bea Egizabal, Maider Galardi, Uxue Loinaz eta Mari Karmen Ormazabal. Moderatzaile lanetan, berriz, Ane Labaka aritu zen.

Okendo Zinema Taldearen euskal dokumentalen zikloa 

Iazko arrakastak hauspotuta, Okendo Zinema Taldeak euskal dokumentalen ziklo berri bat antolatu zuen. Kutsu sozialeko bost lan proiektatu zituzten: Bolante baten historia, Apaiz kartzela, Hijos de dios, Tipularen sehaska kanta eta Aita Mari. Publikoari "plus bat" emate aldera, dokumentala ikusi ondoren,  haien sortzaile eta protagonistetako batzuekin solasteko aukera izan zuten bertaratutakoek.

Elkar+Ekin Dantzan, elkarteen lana aitortzeko

Elkarteen Ikerketa eta Berrikuntzarako Ekosistema elkarteak (EIBE) deituta, Elkar+Ekin jardueran parte hartu zuten Erketz EDTk, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak eta Plaza Dantzak. Manifestua irakurri eta Olatz Salvadorrek eta Bihotx taldeak egindako Martxa baten lehen notak abestiaren moldaketa dantzatu zuten, muxiko eran. Hamaika udalerritan aurrera eramandako ekimenak xede zuen elkarte eta boluntarioen lana aitortzea.

Obrak Sasoeta ikastetxean eta Kale Nagusian

Lasarte-Oriako Udalak Sasoeta ikastetxerako sarbide berria eta Kale Nagusiko tarte bateko berritze lanak egingo zituela jakinarazi zuen. Lehenengoak, 245.630 euroko aurrekontua du eta bigarrenak, 291.000 eurokoa.

Emozioen lanketa, hizpide

GurasoLandia egitasmoak eta Treba Guraso proiektuak emozioei buruzko hitzaldi bana antolatu zuten. Lehenengoan, Ane Ablanedo pedagogia libreetan adituak haietan oinarritutako haurren garapen emozionala izan zuen hizpide. Bigarrenean, Donna Apellaniz hezitzaile eta terapeuta emozional sistemikoak  seme-alaben emozioak zaintzeko kontzeptu teorikoak eta adibide praktikoak partekatu zituen.