Aurtengo urtekaria, formatu txikian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 14:00

Bukatzear da urtea eta, horrekin batera, ohitura dugun moduan, 2022ko hamabi hilabeteetan gertatu denaren errepasoa egin dugu eskuartean duzun aldizkari honetan. Ohartuko zinen honezkero, baina aurtengo urtekaria formatu txikian argitaratu behar izan dugu: 32 orri beharrean, hamasei kaleratu ditugu.

Zergatik? Azalpena ez zaizu arraroa egingo. Nork ez du entzun prezioek gora egin dutela, fakturak gero eta garestiagoak direla? Hori bera gertatu zaigu guri ere: inprentakoek esan digute %10,83 igo behar izan dutela hilabetero ordaintzen dugun tarifa, papera ekoiztearen garestitzeari aurre egin ahal izateko. 

Jakinarazpen hori tarteko eta kontuan izanda nekez iristen garela gure diru sarrera eta gastuak orekatzera, moldaketa pare bat egin behar izan ditugu, egun batetik bestera garestitu diguten prezioa merkatzeko: 200 ale gutxiago aterako ditugu astero (8.500 beharrean, 8.300), eta 32 orrikoa izatea aurreikusten genuen urtekaria erdira murriztu behar izan dugu: bestela esanda, berezia izatekoa zen agerkaria arrunt bihurtu. 

Urtarriletik aurrera zer gertatuko den ez dakigu, ia %11 igo diguten tarifa hori are gehiago garestituko ote den, baina ziurtasun osoz esan diezazuekegu hau: beti bezala jarraituko dugu guk lanean, Lasarte-Orian gertatzen denaren berri ematen, gertutasunez eta euskaraz. Abenduko ekoizpena zertxobait jaitsi izanagatik, berdin-berdin segiko dugu albiste, elkarrizketa, erreportaje, argazki galeria eta bideoak egiten, ez izan zalantzarik.

Ez genuke hitzaurretxo hau amaitu nahi eskerrak eman gabe: eskerrik asko gugan konfiantza izateagatik, eskerrik asko aldizkaria ilusioz jasotzeagatik, eskerrik asko Lasarte-Orian egitasmo, jai, jarduera eta aldarrikapenak aurrera emateagatik, eskerrik asko aldizkariak hitz eta argazkiz betetzeko aukera emateagatik. Horrek guztiak ez du preziorik.