2022ari errepasoa: urtarrila

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, urteak eman duenaren errepasoa. Hementxe urtarrileko albisteen hautaketa. 

Mugekin ospatu zuten Danborrada

Pandemiak eragindako egoerara moldatutako Danborrada egin zuten ikastetxeek. Gurasoek ezin izan zuten seme-alaben erakustaldira joan, eta zenbaitek kanpotik ahal bezala jarraitu zuten. Dena den, ikasle gazteek pozik eragin zieten makilei San Sebastian bezperan.

Desfilerik gabeko Errege Magoen bisita

Urte berriari ongietorria emateko lehen hitzordua Errege Magoen bisita izan zen. Koronabirusa tarteko, ez zituzten herriko kaleak zeharkatu urtarrilaren 5ean, jende pilaketak saiheste aldera ekitaldi hori bertan behera uztea erabaki baitzuen udalak. Melchor, Gaspar eta Baltasar Manuel Lekuonan izan ziren; bertan jaso zituzten haurren eskutitzak eta harrera beroa. Eskatutako oparien zerrenda postontzietan sartu, eta pajeek goxokiak eman zizkieten.

XI. Presoen Errezitaldia egin zuten Oriako kaperan

Harresi Guztien Gainetik taldeak antolatuta, Zubiak bizirik, beti aurrera begira lelopean XI. Presoen Errezitaldia egin zuten. Kultur etxea utzi, eta Oriako kapera aukeratu zuten tren bidaia gisa irudikatutako saioa egiteko. Kartzela zer den eta hara joan-etorriek eragindako sentipenak partekatu zituzten musika, dantza eta irakurketen bidez. Hurrengo egunean, Sare Herritarrak deituta, manifestazioa egin zuten herriz herri salbuespen legediaren amaiera aldarrikatzeko.

Zinegotzi kargua utzi zuen Joxe Pikabea Bereziartuak

Urtarrileko udalbatzarrean Joxe Pikabea Bereziartua EH Bilduko zinegotziak dimisioa eman zuen. Udaletik kanpo "herria egiten" jarraituko duela nabarmendu zuen Asier Gorostegi alderdiko ordezkariak eta eskerrak eman zizkion zinegotzi izateko emandako pausoagatik; baita haren lekua hartu zuen Sandra Barkaiztegi Navarrori ere.

Buruntzako gurutzearen eraistea, eztabaidagai

Abendu erdialdean Buruntzaldeko Ernaik eraitsi egin zuen Buruntza mendiko gurutzea, eta hurrengo asteetan horri buruzko iritzia eman zuten zenbait eragilek. Islada Ezkutatuak taldearen ustez, "frankismoaren sinboloa" aspaldi desagertua behar zuten, baina "eskumena duen administrazioak" eginda. Lasarte-Oriako EAJ-PNV, Elkarrekin Lasarte-Oria Puede eta PSE-EEren adierazpen bateratuan, "ikur esanguratsua" izanik, gertaera beste esanahi bat eman diotenekiko "errespetu falta" zela adierazi zuten. PPk ere gaitzetsi zuen "ekintza bortitz eta demokraziaren aurkakoa".

Herriko atletak Euskadiko Txapelketako podiumean

Pista estaliko Euskadiko Proba Konbinatuen eta Master Mailako txapelketak jokatu zituzten hilabete hasieran. Naroa Furundarena pentatloian absolutu mailako lehena izan zen, Euskadiko Txapelketako sailkapen orokorrean, ordea, zilarrezko domina eskuratu zuen. Jose Ramon Latorre, berriz, Master mailako 60 eta 200 metroko lasterketetan lehiatu zen, txapeldun orde eta txapeldun izan zen, hurrenez hurren.

Beterri-Buruntza Mankomunitatearen eraketa

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalek Beterri-Buruntza Mankomunitatea eratu zuten Hernanik egindako batzarrean. "Eskualde izaera" indartzeko eta bertako garapen sozial eta ekonomikoa bultzatzeko erakundearen lehendakaria Andoaingo alkateorde Marijose Izagirre da. Nuria Fernandez (PSE-EE) zinegotzia erakundeko lehendakariordea da eta Jon Antxordoki (EAJ-PNV) lehen zuzendaritza batzordeko kide. 

Saltokietan egindako lapurretak salatu zituzten

Aterpeak deituta elkarretaratzea egin zuten herriko saltokietan izandako lapurretak salatu, eta kaltetuei elkartasuna adierazteko. Asteburu berean hamar bat lapurreta egin zituzten. Gertaerak ikertzeko baliabideak eskatu zizkioten udalari eta Eusko Jaurlaritzari eta errudunak epaileen esku uzteko.

Gero eta familia gehiago GurasoLeku programan

Euskara familiartean indartsuago transmititu dadin lanean ari dira Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzua, Ttakun Kultur Elkartea, Sasoeta eta Landaberri-ikastetxeak eta bietako guraso elkarteak, Andre Joakina Enea haur-eskola, eta Muntteri-AEK. 2014-2015 ikasturtetik helburu hori lortzeko baliatzen dute GurasoLeku egitasmoa. Urtez urte adin tartea handitzen joateaz gain, izen emateek ere gora egin dute: 2021-2022an, 181 familia aritu ziren.

Urtarrilean inoiz baino Covid-19 kutsatze gehiago herrian

Koronabirusaren omikron aldaeraren ezaugarrietako bat pertsonen artean oso azkar hedatzea da; eta horren eragina agerikoa izan zen Lasarte-Oriako datuetan. Izan ere, urteko lehena ordura arte intzidentzia tasa altuena izan zuen hilabetea izan baitzen, 2.120 kutsaturekin. Are gehiago, 2020ko martxoan pandemiak eztanda egin zuenetik Covid-19ak kutsatutako 5.205 herritarretatik bi bosten urtarrilean gaixotu ziren.

Kluben Kopan hirugarren izan zen Buruntzaldea IKT

Buruntzaldea IKTko igerilariek B mailako Kluben arteko Kopa jokatu zuten Tolosako Usabal kiroldegian. Igeriketa taldeko hamabost kidek B mailako emakumezkoen eta gizonezkoen lehian parte hartu zuten. Emakumezkoen taldeak podiumeko hirugarren mailara igotzea lortu zuen; gizonezkoenak, berriz, laugarren postua eskuratu zuen. Bi txapelketetako emaitzak kontuan hartuta, B mailako hirugarren postua eskuratu zuen Buruntzaldea IKTk.