2022ari errepasoa: ekaina

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, hamabi hilabeteotan gertatu denaren errepasoa. Hona hemen ekainak eman zuena.

XX. Antzerki eta Dantza Astea ospatu zuen Kukukak
Kukuka eskolako kideak, XX. Antzerki eta Dantza Astea ospatu zuten, lanabes ugarirekin herria koloreztatu zuten: desfilea, antzerkia, euskal dantza, sorkuntza, dantza garaikidea... Manuel Lekuona Kultur Etxean diziplina horietan guztietan oinarritutako emankizunak egin zituzten, eta, ordainetan, ikus-entzuleei txalo zaparrada ederrak jaso.

Lasarte-Oriako toponimia ezagutu zuten herritarrek Luis Mari Zalduaren eskutik
Toki izenak: inguruaren aurkibide ibilaldiaz gozatu zuten dozenaka herritarrek, Lasarte-Oriako Udalak eta Artelatz enpresak elkarrekin antolatu zuten Aste Berdean. Toponimian aditua den Luis Mari Zalduak eman zizkien azalpenak partaideei. Gai horri buruz gehiago jakiteko, harekin elkartu zen txintxarri, elkarrizketa bat egiteko. Toki izenak "oso praktikoak eta erabilgarriak" direla azpimarratu zuen, eta Lasarte-Oriako toponimiari buruz ere hitz egin zuen.

Ruben Lucasen afixa aukeratu zuten 2022ko sanpedroak iragartzeko 
Hamasei lan aurkeztu zituzten lehiaketara eta Ruben Lucasena izan zen garaile. Udalaren irudi korporatiboa oinarri hartuta osatu zuen lana, eta bertan irudikatu zituen sanpedroetako jarduera nagusienak: txupinazoa, Sorgin Dantza, buruhandiak eta danborrada.

Ostadarren Auzolan saria jaso izana, aitzakia bikaina Izan Inurri elkarrizketatzeko
Ostadar SKTren Auzolan saria jaso zuen Izan Inurri elkarteak, eta aintzatespes hori aitzakia hartuta, elkarrizketa egin genien aldizkarian. Ohore handia" izan zen aitortza elkarteko kideentzat, eta bertan bizitakoen berri eman zioten TXINTXARRI-ri. Horrekin batera, Tabuen kutxatik oholtzara bertso saio musikatuz ere hitz egin zuten.

Udaberri torneoko txapeldun izan zen Eguzki
Liga zazpigarren postuan amaitu ostean, arantzatxoa kendu zuen Eguzki Areto Futboleko Gazteen mailako taldeak; Udaberri torneoko txapeldun izan zen. Francisco Javier Kixki Perezek zuzendutako jokalariek Aldapeta C garaitu zuten, 7-3. Jokalariek erakutsitako heldutasuna izan zen gakoa prestatzaileailearen hitzetan.

Lanaldi jarraitua aldarrikatuz
EAEko institutuek 2022-2023 ikasturtean lanaldi jarraiturik ez edukitzea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak.  Horrek "haserrea eta ezin ulertua" eragin zion Lasarte-Oriako Oriartekide institutuko komunitateari, eta kontzentrazioak egin zituzten ikastetxe atarian.

Agenda 2030 programan landutakoak pleno aretora eraman zituzten ikasleek
Lasarte-Oriako udalbatzar aretoan izan ziren herriko ikastetxeetako haurrak. Eskolako Agenda 2030 programan landutakoak aurkeztu zizkieten udal ordezkariei. Agustin Valdivia alkateak, Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek, Hezkuntzako batzordeburu Maite Iglesiasek eta Partehartze saileko arduradun Nagore Duranek egin zieten harrera. 

Agur esan zioten Teresa sorginari 
Hiru urte eta gero, gogoz hartu zituzten auzoko festak Zabaletako bizilagunek. Jarduera bete egitaraua aurkeztu zuten auzo elkarteak, eta asteburu bikaina igarota esan zioten agur Teresa sorginari.

Furundarena eta Rekondo, Euskadiko txapeldun berriak
Herriko atletek bi hitzordu nagusi izan zituzten hilaren 4an eta 5ean: Euskadiko txapelketa eta   16 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketako azken saioa. Ostadar SKTko bost kide izan ziren lehian Durangon Euskadiko txapelketan, eta bi urrezko dominarekin itzuli ziren herrira.

Domina eta marka uzta bikaina, igerilariek
Buruntzaldea IKTko igerilariek dominak eskuratu eta 37 marka pertsonal ondu zituzte hil hasieran. Hiru hitzordu lehiatu zituzten igerilariek eta guztietan markak ontzeaz gain, podiumean izan ziren. Nahia Zudaire Igeriketa Egokitutako Euskadiko Txapelketan garaile izan zen, eta ekainaren 19ra arte, Munduko Txapelketan lehiatu zuen.  
Okendokoak dira, 21 Tajamarrekoak eta 4 Bekokale bidekoak.

Transmaribollo kolektiboaren sorrera
Herritar talde batek LGBTIQ+ kolektiboa osatzen duten pertsonen borroka ikusarazteko eragile bat sortu zuen: Lasarte-Oriako Transmaribollo Kolektiboa. Lehen ekintza gisa, manifestazio bat egin zuten hilaren 28an, Okendo plazatik abiatuta.

Izan Inurriren Tabuen kutxatik, oholtzara bertso saioa oholtzaratu zuten, kultur etxean
Izan Inurri egitasmoak antolatutako bertso saio musikatuan parte hartu zuten Jone Uria, Onintza Enbeita, Oihana Bartra eta Maider Arregi bertsolariek. Ixak Arruti eta Gari Otamendi musikariek jotako doinuek lagunduta, Amaia Agirrek jarritako gaiei bertsoak jarri zizkieten.

Rocioko erromerian ospatu zuen Semblante Andaluzek bere 30.urteurrena
Huelvako El Rocion hilabete hasieran ospatu zuten erromeria eta astebete geroago Lasarte-Oriara ekarri zuen erromesaldiaren izpiritu bera Semblante Andaluzek. Hamaika ekimen izan ziren asteburuan. Igandea izan zen egun handia, Zumaburuko Arantzazuko Ama parrokian ohiko meza rozieroa egin zuten. Altarearen albo batean Rocioko ama birjinaren irudia zegoen, bestean, berriz, eskaintzarako olibondoa, gozoak eta olioa. Semblante Rociero koruak girotu zuen elizkizuna, eta amaieran, Duende taldeko lau neska gaztek dantza egin zuten. Aitzakia hori baliatu zuen elkarteak, bere 30. urteurrena ere ospatzeko.

Etxeberria eta Perez izan zirengaraile Lasarteko Sarian
Benjamin mailatik senior mailara Buruntzaldea IKTko igerilariek proba berezia lehiatu zuten, Lasarteko 31. Saria. Talde gonbidatuen aurka aritu ziren herriko elkarteko kideak, eta domina ugari batu zituzten; emakumezkoen sari nagusia etxean geratu zen.  

Giro ederra I. Lagunarteko Taula Xake txapelketan
Pilota hotsek erlojuen soinuei egin zieten lekua hilaren 12an Mirentxu Trinketean. I. Lagunarteko Taula Xake txapelketa jokatu zen bertan eta Abadiñoko taldea izan zen nagusi. Bizkaitarrek sari nagusia eraman zuten arren, asko ikasi zuten jokalari guztiek, baita txapelketako antolatzaile Taula Xake Klubeko kideek ere.

Bost urteko lanak emandako uzta
Oriarte BHIko ikasle talde batek Gure artean dokumentala ondu zuen, Lasarte-Oriak urteetan zehar jasan dituen aldaketak hizpide hartuta. Ikastetxe horretan bost urte daramatzate Zinema (h)abian egitasmoan parte hartzen; ordutik, bost ikus-entzunezko ondu dituzte. Horren berri ematen zuen artikulua prestatu zuten, eta guk argitaratu, Ikastetxeak TXINTXARRI-rekin duen lankidetzaren bitartez.

Sanpedroak iragartzeko prentsaurrekoa egin zuten udalak eta eragileek
Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatu zituen Lasarte-Oriak herriko zaindariaren festak: San Pedro Jaiak. Makina bat jardueraz osatutako egitaraua prestatu zuten udalak eta eragileek eta horren berri eman zuten, prentsaurrean. Jaiei hasiera emateaz arduratzen den omendua ere iragarri zuten hitzordu hartan;  Nagusilan Adin Nagusikoen Boluntariotza Taldea, eta aurrekontuaren berri ere eman zuten udal ordezkariek: 187.789 euro.

Sanpedroek emandakoa eta horietan bizitakoaren berri ere eman genuen

 

Dinbi Bandak 10 urte instrumentuak astintzen
Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean, emanaldiei berrei ekin zien herriko batukada taldeak. Sanpedroetarako emanaldia iragarri zutela, eta 10. urteurren urtea zutela baliatuz, elkarrizketa egin genion.

Sorgin Jaien 20. urteurrena 
20 urte igaro dira Sorgin Jaiek lehengoz gure herria sorginkeriaz eta edabez bete zutenetik. Azken bi urteetan, egoerari moldatutako egitaraua eskaini dute. Aurtengoan, berriz, programa osatuagoarekin urteurren berezia ospatu zuten. Horregatik, euren programazioaren berri emateaz gain, argazki historikoez osatutako galeria bat ere argitaratu genuen.

Txupina jaurtitzeaz arduratuko zen omenduarekin hizketan
Sanpedrotan Nagusilan elkartea omendu zuen udalak, eta hori hala izaki, bertako kide Encarni Baztan del Rio kidearekin hitz egin genuen; "ohore handia" zela nabarmendu zuen.

Artxiboko irudien galeriak
1993ko urrian sortua izanik, txintxarri-k 1994tik eman du herriko festen berri, etengabe. Ondorioz, momentu eta oroitzapenez betetako artxiboa osatu genuen, argazki galeria formatuan, duela hamabost urteko jaiak gogora ekarriz.

Festetako blusak nola egin kontatu ziguten
Koloretsuak gehienetan eta mahuka luzekoak, batzuetan soinean jantziak eta beste hainbatetan gerrian lotuak, baina Kuadrilla Egunean ez dute hutsik egiten. Horiek nola egin eta zein oihal erabili biltzeko, Fernandez Ehunak-eko saltzaileekin eta Ione Artola jostunarekin hitz egin  genuen.

Transmaribollo plataformako kideekin hizketan
LGBTIQ+ kolektiboaren borroka herrira ekarri eta ageriko egiteko xedez, hilaren 28rako manifestazioa iragarri zutela aprobetxatuz, Transmaribollo plataformako kide Kris Alvarez eta Tasio Arrizabalagarekin batu ginen.

Adarra sariaren garaileari elkarrizketa
Hilaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, Joseba Tapia musikagileak Adarra Saria jaso zuen, eta harekin bildu ginen, besteak beste, Egon edo ez egon azken diskoaren gainean galdetu eta aldizkarian argitaratzeko.

 

Sanpedroek emandakoa eta horietan bizitakoaren berri ere eman genuen

 

San Joan suan erre zituzten urteko bizipen txarrak
Beste ospakizun asko bezala, San Joan bezperakoa ere aurtengo ekainean itzuli zen. Euria  gogotik oztopatzen saiatu zen arren, dantzari, musikari eta herritarrek tinko eutsi, eta urteko gauza txarrak kiskali zituzten.

Jarduera ugari, jaien aurretik eta bitartean
Sanpedroen atarian zein festa giro betean, zenbait eragilek jarduerak aurrera eraman zituzten, lasarteoriatarren motorrak piztu eta bero mantentzeko asmoz. Horien artean egin zituzten Biyak Bat egoitzako joko eta sari banaketa, Zunba maratoia, Alboka abesbatzaren eta  Zero Setteren emanaldiak eta Gure Esku Dago dinamikaren Pirinioetako Bidearen ekintza: Unanua mendiaren argiztatzea.

Ekainaren 28a: esperotako jaien itzulera 
Hiru urte eta gero, beti ezagutu izan ditugun San Pedro Jaiak ospatzen hasi ginen. Udaletxe zaharraren parean bildu aurretik, nabaritu zen giro ederra, Okendo plaza eta inguruetan batez ere: inoiz baino blusa gehiago ikusi ziren kaleetan, kuadrilla gazte ala heldu izan. Lehen eguneko egitaraua osatu zuten, besteak beste, goizeko etxafuegoak, arratsaldeko Nagusila elkarteak jaurtitako txupinak eta Sorgin Jaiak-enak, baita gaueko zikiro jan eta DJ Fantasiaren emanaldiak ere.

Ekainaren 29a: San Pedro Eguna
San Pedro eguna trikiti eta danbor soinuekin hasi zen. Giro ederrean, Ttirriki Ttarrakako trikitilari eta pandero joleek zein Extremadurako danbolin joltzaileek erdialdea esnatu zuten. Lasarte-Oriako zaindariaren ohorezko meza egin zen San Pedro parrokian, eta San Pedro Jaietako omenaldiak bete zuen kultur etxea. Nagusilan elkarteko kideek 20 urtetan egindako lanarekin aintzatespena jaso zuten udalaren eta herritarren eskutik. 
Arratsaldean, aldiz, haurrak puzgarrietan ibili ziren, eta gazteak, berriz, Sorgin Jaiak-ek antolatutako orientazio jolasetan dibertitu ziren. Helduentzat ere izan zen planik; Ttakun KEk antolatutako sagardo dastaketa. Gauen, berriz, urteroko bertso saioak hartu zuen kultur etxea, eta musika emanaldiek Andatza eta Okendo plazak.

Ekainaren 30: Musikaz betetako eguna izan zen
Eguna goibel hasi zen, euria mara-mara egin zuen. Helduek lerro dantza erakustaldia eginez hasi zuten eguna kiroldegian, eta Loidibarren pilotalekuan, sanpedrotako pilota txapelketako finalak jokatu zituzten kirolariek. 
Arratsaldean haurrentzako parkea eta xexenez gain, pilota profesionaleko partidak izan ziren. Saiatu arren, Arteaga II.ak eta Eskirozek ezin izan zituzten Alberdi II eta Elizegi garaitu. Gazte gunean, LOUH taldearen erritmora dantzatu zuten nerabeek eta Jalgi kafe antzokian Txili Papar eta Bar Remigiok lagun ugari bildu zituzten. Gauean, berriz, Azabache taldearen kontzertura eta Nemux DJaren saiora joan zirenen batez besteko adinak oso urruti izan ziren. 
Gazteek izan zuten zer ospatu Sorgin Egunean: sorgin bazkaria, bingoa, olinpiadak, Alargun Beltzak eta Lizartxo taldeen kontzertuak eta danborrada egin zituzten, pintura poteak gerrian jarrita.

Uztailaren 1a: motxila bete jarduera eta ikuskizun
Festetako azken jolas saioa egin zuten haurrek, eta zirikatzaileenek, berriz, exenengandik ihesi aritu zire. LOZET konpainiako erraldoi eta buruhandiak ere horien arratsaldea girotu zuen. Eta Motxila 21 taldeak dantzan jarrio zituen herritarrak, gauari ongi etorria egin aurretik. 
Parranda gau bikaina izan zer uztaileako lehena ere. El D rogasek hartu zuen Okendoko oholtza lehenik, eta gauean, berriz, Zea Mays-ekoek. Eta helduenek La decada prodigiosa taldearekin gozatu zuten gau hura.

Uztailaren 2a: azken jai eguna 
Iturengo ttuntturroen doinuek esnatu zuten herria, eta Atsobakarreko zelaian, zaldi eta gizonen arteko erronka jokatu zen eguerdian. Sorgin gunean, Elkartasun Egunari hasiera eman zioten, eta stean, bapo bazkaldu zuten. 
Azken gaueko traka izugarria izan zen; etxafuegoak, ohi bezala, Atsobakar parkean jaurti zituzten. Bien bitartean, Okendo plaza dantzan eta saltoka jarri zuen Modus Operandi taldeak, eta gauerdira iristeko minutu gutxiren faltan, itxura beldurgarriko pailazo talde batek hartu zuen plaza: Psychoclown ikuskizunaz gozatu zuten lasarteoriatarrek. LOZET elkarteko lagunek azken zezensuzkoak atera zituzten eta  Skakeitan taldeaekin lepo bete zen Okendo, azken parranda egiteko asmoz.