2022ari errepasoa: maiatza

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, hamabi hilabeteotan gertatu denaren errepasoa. Hona hemen maiatzak eman zuena.

Azkorteko erromeriaren itzulera
Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatuta, erromeria egin zuten Azkorten. Eguraldi ona eta azken urteetako hutsunea osagai aproposak izan ziren baselizara jende ugari bertaratzeko. Meza, erromeria, bertsolarien saioa eta herri kirolek osatu zuten egitaraua.

Espazio falta azaleratzen
Lasarte-Oriako gazte mugimenduak aldarrikapen eta ospakizun eguna egin zuen maiatz hasieran, egunerokoan espazioarekin dituzten arazoak mahai gaineratu eta kaleak  hartuko zituztela nabarmentzeko. Goizetik iluntzera arteko egitaraua aurrera eraman zuten.

XIV. Udaltop-ek hartu zuen kultur etxeko auditorioa
16 urte arteko nerabeentzat hizkuntza politika "eraginkor" bat josteko bidean, ideia eta gogoetak partekatzen aritu ziren XIV. Udaltopen. Bi urte eta gero, ohiko plazara itzuli zen, Manuel Lekuona Kultur Etxera. Lankidetza "funtsezkoa" dela errepikatu zuten, etengabe.

Euskararen Maratoia egingo zela iragarri zuen Ttakun KEk
Sei urteren ostean, herriko euskararen jairik handiena bueltatuko zela iragarri zuen Ttakun KE-k. Euskararen Maratoiaren izen eta formatu berrituak dituen egitasmoa ere maiatzan aurkeztu zuten: Euskararen 10. Maratoialdia, eta egitasmo horrek izango zituen hiru faseen berri emanez. Ekitaldi horretan ezagutu ziren baita ere zortzikotea osatuko zuten kideak.

Partida zirraragarria, saskibaloi jokalariek
Ligako azken jardunaldian, partida zirraragarria jokatu zuen Ostadar SKTk, Oiarsoren  aurka. Hirugarren laurden berdinduaren ostean, azken minutuetan erabaki zen irabazlea. Talde urdin-beltza 45-33 gailendu zen eta infantil txiki mailako txapela eskuratu zuen.

Kultur Aniztasunaren alde
Munduko Dantzak egitasmoan parte hartu zuten, Oiartzunen,  Lasarte-Oriako bi dantza taldek; Kukukak eta Semblante Andaluzek. Mundu osoko dantzen agertoki izan zen aipatu herria, eta jarduera hori antolatzea herritar baten ardura izan zen: Maitane Rebe Igartuarena. Aukera hori baliatu zuen txintxarri-k, berarekin hitz egin eta erreportaje bat argitaratzeko.

Zubietako erraustegia gelditzeko eskatu zuten 
Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, 150 bat lagunek bat egin zuten hilaren 14an Zubietako erraustegira egindako oinezko martxan. Abiatu aurretik,  Usurbilgo Elektro Papo elektrotxarangak ordu erdiko saioa egin zuen Okendo plazan.

Froilan Elespe herriko etxe berria inauguratu zuen Lasarte-Oriako PSE-EEk 
Ganbo kaletik Kalbario bidera lekualdatu zuen haren egoitza Lasarte-Oriako PSE-EEk. Itxura erabat berria izanagatik, izena ez zuen aldatu: Froilan Elespe herriko etxeak ateak zabaldu zituen, alderdiko zenbait karguk eta jarraitzailek babestuta.

Ostadar Boileibola jubenilek irabazi zuten Gipuzkoako txapelketa
Ostadar Boleibola saileko jubenilek Aldapeta Maria A taldea garaitu zuten Gipuzkoako txapelketako finalean. Lehen seta galtzen hasi arren, jokalari urdin-beltzek  gogor borrokatu eta itzulia eman zioten neurketari, merezitako saria eskuratzeko.

Zabaletako festen atarian,  auzotarrei elkarrizketa
Zabaleta Auzolan elkarteko lagunek mimo eta ilusioz prestatu zuten 2022. urteko festen egitaraua:  hamaika jarduera egin zituzten, eta horien berri emateko, elkarrizketa egin genien aldizkarian. Aukera hori baliatu zuten lasarteoriatar guztiak jaiez gozatzera gonbidatzeko.

Ingurunea zaintzeko premiaz sentsibilizatzeko, txoriak ezagutzeko ibilbide batekin hasi zen 2022ko Aste Berdea
Lur bakar bat lelopean, Lasarte-Oriak bat egin zuen Aste Berdearekin, herritarrak natura inguruneaz arduratzeko beharraz kontzientziatzea asmo duen egitasmoarekin. Lehen jarduera hilaren 29an egin dute, hegaztien mundua ezagutzeko ibilbide bat.

Saltzaileen bizitzako pasarteei jarritako bertsoak
Uxue Alberdik idatzitako 'Dendaostekoak' eleberriko zenbait pasarte eta haiek iradokitako gaietan oinarrituta, bertso irakurraldia egin zuten maiatzaren 27an Manuel Lekuona Kultur Etxean. Hitzordu hori oinarri hartuta, idazlea bera elkarrizketatu genuen, eta behin saioa oholtzaratuta, hori ere bidlu genuen aldizkarian.

Eider Redondo gazteak urrezko dominairabazi zuen proba konbinatuetako Gipuzkoakoan
Ostadar Atletismoa saileko alebin eta infantilek Proba Konbinatuetako Gipuzkoako Txapelketa lehiatu zuten. Atletak lehen hogeita bosten artean sailkatu ziren; Eider  Redondok urrezko domina lortu zuen bi proba irabazi eta beste batean bigarren izan ostean.

Ostadar SKTren denboraldi amaierako festa
Oriarte BHI Landaberrin egin zuen Ostadar SKTk denboraldi amaierako jaialdia maiatzeko azken larunbat goizean. Taldeek euren sariak banatu zituzten, Kirolari Onenarena Nahia Zudaire igerilariak eraman zuen etxera, Auzolan saria, aldiz, Izan Iñurri egitasmoak jaso zuen. Giro bikaina izan zen, Oriarte institutuko estalkian.

Dantzari Txiki Eguna
Bi urteko hutsunearen ondoren, dantzari gazteek kaleak bete zituzten maiatzaren 29an. Berriro elkartu ziren 32. Dantzari Txiki Egunean Faltzesko Makaia, Usurbilgo Orbeldi, Kukuka eta Erketzeko dantzariak. Dantza gogoz egin zuten.