2022ari errepasoa: apirila

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, hamabi hilabeteotan gertatu denaren errepasoa. Hona hemen apirilak eman zuena.

22. Korrikaren aurrekari gisa, lanketa berezia TXINTXARRI-k
Hiru urteko eta gero, 22. Korrika kalera itzuli zela eta, aurrekari gira egitasmo horren lanketa berezia egin genuen. Iñaki Dorronsoro Maioz Lasarte-Oriako Korrika Arduraduna eta ekimenak omendutako Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak elkarrizketatu genituen.

Juan XXIII. plaza berritzeko lanak iragarri zituen udalak
Pandemiagatik atzeratu behar izan zituen lanen lizitazioak aurkeztu zituen udalak. Horien artean, herriko jolastoki ugaritan aldaketak egiteko asmoa agertu zuen: esate baterako, Juan XXIII plazako parkea "erabat" berrituko zuela iragarri zuen. Obrak Montajes Garra enpresari adjudikatu zizkion, 88.914 eurotan, Agustin Valdivia alkateak ezagutarazi zuenez.

Komunikazio ez bortitzean trebatu ziren gurasoak
Harremanak zaindu eta modu eraginkorrean kudeatzen lagundu dezakeen komunikatzeko modua aurkeztu zien Nerea Mendizabal zestoarrak Lasarte-Oriako hainbat gurasori. Treba Gurasoak programaren barruan antolatu zuten hitzaldia, Oriarte Landaberrin. Familiako kideen beharrak ezagututa, etxeko giroaz gozatzeko gakoak jaso zituzten entzuleek. Seme-alabekin komunikazioa, harremanak, emozioak, gatazkak eta bestelakoak lantzeko azalpenak eman zituen Mendizabalek..

Udako txokoak aurkeztu zituen Lasarte-Oriako Udalak
Horien nondik norakoak aurkeztu zituzten Antonio Mercero gunean. Bertan izan ziren Euskara batzordeburu Jon Antxordoki eta Loiri enpresako ordezkariak. 

Imagine jantzi denda, Buruntzaldeako bitxia
Gipuzkoako Bazkundearen 10 Bitxiak sarietako bat jaso zuen Lasarte-Oriako Imagine arropa dendak. Buruntzaldea eskualdeari dagokiona lortu zuen hain zuzen, Ainhoa Oyarbide negozioaren jabeak, eta horren inguruan hitz egin zuen txintxarri-rekin. 
Kontatu zuen saria irabaztea "sekulako poza eta esperientzia berri bat" izan zela. Oso eskertuta agertu zen Oyarbide bere dendako bezero guztiekin, "munduko onenak" direla nabarmendu zuen, eta gailendu, ahalegin handia egiten duela horiei guztiei ahalik eta tratu gertukoenena emateko: 

'Juguetes de niño sádico' liburua ondu zuen Olga Serranok
Hilaren 5ean aurkeztu zuen lana Serranok Donostian. Azaldu zuen Nobela bat idazten zuen lehen aldia zela, eta Alberdania argitaletxearekin publikatu zuen. Aurkezpen saio horretan kontatu zuen idazleak dazleak protagonistak "krisi gogor bat" bizi duela, eta horrekin bilaketa pertsonal prozesu bat hasiko duela, gizakien arteko harremanetan ardaztuta.

Korrika aurreko beroketak
Euskararen aldarriaren erakusgarri den Korrika antolatzen laguntzeaz gain, kilometroa erosi zutenak ere batu ziren kultur etxean. Ongietorri gisa, Erketz EDTko dantzariek agurra dantzatu zuten, eta ondoren, Earra bertso eskolako irakasle Lierni Rekondok bertso pare bat bota zituen. Maider Segurola kazetariak egin zituen aurkezle lanak, eta herriko pailazoak ere aritu ziren oholtzan, Xumelako kideekin batera. Muntteri AEK-ko ordezkariak ere igo ziren agertokira, pailazoen eskutik Txoribos habia jasotzeko. 

Txoribox egitasmoan parte hartu zuten herriko ikasleek
Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik, Txoribox egitasmoan parte hartu zuten Lasarte-Oriako ikasleak. Txorien ezagugarriak ezagutu eta habiak egin ditzaten, habia kutxak eta jantokiak sortzen aritu ziren. Porrotx pailazoaren bisita eta laguntza izan zuten.

Ostadarreko atleta gazteak lehen posuetan, Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketan 
Ostadar Atletismoa saileko gaztetxoek Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketako lehen saioa lehiatu zuten, hilaren 3an, Eibarko Unbe zelaian. Ordezkaritza mardula eraman zuen herriko atletismo taldeak, 30 parte-hartzaile izan ziren proba ezberdinetan eta lehen postuetan sailkatu ziren atleta gazteak. Nabarmentzekoak izan dira lortutako bost dominak. Alebin mailan, Eider Redondok altuera-jauzi proban (1,35 m.) eta 150 metro lasterketan (20,42) lehen postua eskuratu zuen.

Dominak eta errekorrak bilduta etxeratu zen Zudaire Berlinetik
Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire Borrezok Berlin Para Swiming World Series lehiaketan parte hartu zuen Espainiako selekzioarekin. Bere ohiko mailan aritu zen eta urrezko domina bat zein Espainiako lau errekor berri lortu zituen igerilari gazteak.
eraiki nahi den errauste plantaren aurkako hurrengo pausoak eztabaidatzeko. Gipuzkoako hainbat herrialdetako taldeen izenean joandako 80 bat pertsona elkartu ziren Zubietan.

Euskadiko txapeldun izan zen Vithas Gaztedi errugbi taldea
Euskal Ligak jardunaldirik izan ez arren, hilaren 2an, zortzigarren jardunaldian atzeratutako Vithas Gaztedi eta Universitario de Bilbaoren arteko norgehiagoka jokatu zen, Bilbon. Partida garrantzitsua zen bi taldeak Euskal Ligako lehen bi postuetan baitzeuden eta txapelketa zegoen jokoan. Aizpea Racamonde herritarra kide duen Gasteizeko taldeak neurketa galdu zuen, 19-12; Euskal Ligako trofeoa zakuratu zuen, ordea.

Sortzen jarraitzeko gogoz agertu ziren Kinada musika taldeko kideak
Kontzertua eskaini zuen Kinada taldeak hilaren 9an Jalgi kafe antzokian, eta aitzakia hori baliatuta elkarrizketa egin genien. Jagoba Mendizabal eta Julen Uruzola taldekideekin hitz egin genuen, eta beste hainbat konturen artean, azaldu zuten sortzen jarraitzeko gogoz zeudela, baita orduko kontzertuez, diskoaren eta taldearen sorreraz, etorkizunaz eta beste hainbat kontuz ere.

'Noaindik Amaiurrera 1522-2022' solasaldia egin zuen Beñi Agirrek
Beñi Agirre kazetari eta idazleak luze eta zabal hitz egin zuen Nafarroako erresuma zenari buruz Antonio Mercero gunean. Noaingo eta Amaiur gazteluko gudak oinarri hartuta, gertakari historiko, anekdota, analisi eta gogoeta ugari partekatu zituen  ikus-entzuleekin.

Aitor Manso bigarren sailkatu zen Opakoako igoeran
Hilaren 9an, Opakua igoera lehiatu zen. Lehia irekia zegoen; azken denboraldietan nagusi zen Joseba Iraolak ez zuen parte hartu. Aitor Manso herritarrak hutsune hori baliatu nahi zuen podiumeko lehen postura igotzeko.

Joseba Sarrionandiarekin hitz egin eta hura elkarrizketatu zuten Oriarteko ikasleek
Oriarte institutuko Literatura Unibertsaleko ikasleek euskal idazle ezaguna elkarrizketatu zuten. Luze hausnartzeko galderak ez ezik, motz erantzutekoak ere egin zizkioten.Ikastetxeak txinxtarri aldizkariarekin duen lankidetzaren bitartez, idazleari egindako elkarrizkea hura apirileko azken zenbakian argitaratu genuen.

Berdintasun teknikaria eskatzeko bat egin zuten herritarrek
Lasarte-Oriako Mugimendu Feministak 2022ko aurrekontuetan "urgentziaz" herrira egokitutako berdintasun plan sendoa osatzeko diru partida jasotzeko eskatu zion udalari, baita erabaki ahalmena izango duen berdintasun mahaia edo kontseilua sortzea ere. Hainbat norbanako eta mugimendu feministako kide batu ziren apirilaren 30ean Mirentxun egindako prentsaurrekoan.

Udaberriko Bertso Saioak hartu zuen kultur etxeko oholtza
Ohiko urtarora itzuli zen Udaberriko Bertso Saioa; Ane Labaka, Alaia Martin eta Maialen Lujanbio  aritu ziren bertsotan,  baina kultur etxeko taulagaina beste sortzaile batzuekin partekatu zuten. Aurkezle lanetan Bea Egizabal aritu zen.

Erakustaldi ederra egin zuten herriko dantza taldeek, Dantzaren Nazioarteko Egunaren harira
Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzeko IX. Dantza Topaketa egin zuen Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak. Eurekin parte hartzera gonbidatu zituzten herriko hainbat dantza eragile, eta txukun-txukun prestatutako koreografien emanaldi bikainak eskaini zituzten denek.