2022ari errepasoa: abendua

Txintxarri Aldizkaria 2022ko abe. 30a, 12:00
Jalguneko gazte eta begiraleak, ikus-entzuleen txaloak jasotzen.

2022ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, hamabi hilabeteotan gertatu denaren errepasoa. Hauxe abenduko laburpena.

Azkenak! fanzinea argitaratu zuen presoen aldeko batzordeak
Azken Ostirala dinamikari buelta bat eman, eta hilabetero landutako zenbait testurekin Azkenak! fanzinea kaleratu zuen Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeak. Herriko zenbait sortzailek irudiztatu zituzten agerkariko hitzak. Aldizkaria argitaratu eta gero, enkante kolektibo bat aurrera eraman zuen eragile horrek. 

Onkologikoak okerrera egin duela salatzeko batu dira
Onkologikoa Bizirik batzordeko bi kide elkarrizketatu genituen abendu hasieran, Sandra Barkaiztegi (Lasarte-Oria, 1972) eta Elena Ginea (Lasarte-Oria, 1967) . Kontatu zuten zentro horren zerbitzuak okerrera egin zuela salatzeko eta lehengoratzea eskatzeko bat egin dutela zenbait paziente eta erabiltzailek. Urtebeteko aldearekin pairatu zuten bularreko minbizia, 2020an eta 2021ean, hurrenez hurren; baina artatzeari dagokionean, bien bizipena ez zen bera izan. Egoerak okerrera egiten jarraitzen duela ikusteak, gainera, haserretu egiten ditu.

Pertsona garrantzitsuz bete zuten eszenatokia 
Euskararen Eguna izateaz gain, Aniztasun Funtzionalaren Eguna ere izan zen hilaren 3a. Data ezin aproposago hori aukeratu zuen Jalgune Elkarteak urteroko jaialdia egiteko. Very Important People (VIP) –pertsona oso garrantzitsuak– direla erakutsi zuten, eta ondoan izan zituzten halakoak diren 10. Maratoialdiko zortzikoteko kideak, Semblante Rociero edo Bea Egizabal. 

Fortunata Hernandez herritarrak 100 urte bete zituen 
Fortunata Fortu Hernandez Arroyok 100 urte bete zituen hilaren 15ean. Egun berezi horretan, senide eta lagun guztien zorion agur mezuak jaso zituen, baita Lasarte-Oriako udal ordezkariena ere. "Sasoiko" dagoela eta gaztetako borrokalari eta aldarrikatzaile grina mantentzen duela agerian utzi zuen berarekin hitz egitean.

Buenetxeak eta Araetak irabazi zuten pintxo bidea
Aterpea elkarteak antolatutako VIII. Pintxo Bidearen sariak banatu zituzten: Buenetxea tabernak sari profesionala irabazi du, eta Araeta jatetxeak, herrikoia. Antolatzaileek jakinarazi zuten hiru egunetan 1.050 bat jaki saldu zituztela, eta horrek 6.000 euroko eragin ekonomikoa izan duela Lasarte-Orian. Horrelako ekimenen beharra aldarrikatu zuten partaideek.

Gazte Talent lehiaketa irabazi zuen Maialen Aristegik
Maialen Aristegi kantautore lasarteoriatarrak Gazte Talent lehiaketako sarietako bat irabazi zuen. Egitasmo horrek lan diskografikorik edo ekoiztetxe batekin kontraturik ez duten artisten lana aitortzen du. Gasteizko Jimmy Jazz aretoan jo zuten sei finalistek, eta esan bezala, herritarra izan da garaileetako bat, V.E.L.O. bikotea eta Iñaki Armentiaren Udda egitasmoarekin batera.

Gazteak eta euskara hizpide
Buruntzaldeako Borroka Astea aurrera eraman zuen Ernai antolakundeak, eta horren barruan antolatutako lehen hitzordua Lasarte-Orian egin zuen, Benetan euskaraz bizi gaitezke? hitzaldia, Xirimiri elkartean. Bi gonbidatu ekarri zituzten gaiaz hitz egitera, Oier Errementeria eta Maialen Iñarra. Gazte Euskaltzale Sareko kidea da lehena, eta Soziolinguistika Klusterreko kidea bigarrena, eta bakoitzak bere arlotik hitz egin zuen gaiaz.

Entzuteko moduko liburua
Nere musikak izeneko liburu bat argitaratu zuen hilabete hasieran Jokin Goenaga Miner musikari lasarteoriatarrak; azken 20-22 urteetan sortutako ia guztia jaso du lan horretan. Akordeoia jotzen du batez ere, baina beste instrumentu batzuentzat ere idatzi du, hala nola, pianoa edo teklatu elektronikoa. Abesti bakoitzeko QR kode bat sortu du, sakelako telefonoarekin eskaneatu eta entzungailuekin gozatzeko.

Basaundi bailarako birgaitze integralari bultzada, Europatik
Europar Batasunaren Next Generation funtsak 4.388.195 euro bideratuko ditu Basaundiren birgaitze integralera. Eusko Jaurlaritzak emandako 2.800.000 euro eta udalak jarriko dituen 2.390.000 euroko aurrekontuak osatuko ditu ekarpen horrek. Agustin Valdivia alkateak sinatu zuen akordioa, Madrilen.

Ventanas Alcar-en erakusleihoa izan zen dotoreena
Aterpea elkarteak antolatutako erakusleihoen lehiaketako protagonista nagusia Ventanas Alcar izan zen, sari profesionala eta herritarrek ematen dutena irabazi zituelako. Establezimendu horren jabe Luis Mari Carballok adierazi zuenez, "lan asko" egin zuten, irailean hasi zirelako apaingarriak prestatzen. Eskerrak eman zizkien haien alde bozka eman zuten guztiei.

Iparragirrek eta Urruzolak Txileren aurka jokatu zuten
Euskal Selekzioak Txileren aurka jokatu zuen Gasteizko Mendizorrotza zelaian eta 3-0 gailendu zen. Bi herritarrek parte hartu zuten neurketan eta ederki egin zuten lan. Real Sociedad taldeko Iraia Iparragirre herritarra hasierako hamaikakoan izan zen eta bigarren zatian aldatu zuten. Osasunako jokalari den Irati Urruzola, aldiz, bigarren zatian atera zen zelaira. 

Gorka Marcos hasieratik jokatu zuen Celtaren aurka
Gernika SDn jokatzen ari da Gorka Marcos lasarteoriatarra. Errege Kopan sendo hasi zen talde bizkaitarra, Bigarren Mailako arerio bat kaleratuta, Leganes. Horren ostean, Lehen Mailan dagoen Celtarekin neurtu zituzten indarrak Imanol Larrazabalen mutilek, eta 0-3 galdu zuten. Hasierako hamaikakoan izan zen Marcos.

Maratoialdia bukatu zen
Hilabete hasieran amaitu zen Euskararen 10. Maratoialdia, Euskaraldiarekin batera. 42 eguneko bide oparoa errepasatu zuten zortzikoteko kideek, kultur etxeko auditoriora bertaratu ziren lasarteoriatarrekin batera. Kantu eta dantza egin ostean (Ahoa bizi belarriak prest, Hamar atzamar...) Ttakunenea elkartera joan ziren, mokadutxo bat jatera.

Lasarte-Oriaren aldaketa demografikoa, zenbakitan
EITB taldeak eta Tokikom tokiko hedabideen bateraguneak aurrera eramandako Saretzen egitasmoarekin bat egin du txintxarri aldizkariak. Eustat-ek eta Nastat-ek biztanleriari buruzko 2001 eta 2021 urteen arteko datuak argitaratu zituzten, horiek herriz herri lantzeko asmoz. Horretan ari gara.
Proiektuaren aurkezpen gisa landutako artikuluan adierazi genuen, besteak beste, hazi egin dela lasarteoriatarren kopurua, 17.099 izatetik 19.294 izatera pasatu direlako, hau da, 2.195 (%12,84) herritar gehitu ditu udalerriak.

Osakidetza defendatzeko eskatu zuten osasun langileek
Lasarte-Oriako Osasun Zentroko langileek elkarretaratze bat egin zuten anbulategi atarian, Osakidetza defenda dezagun lelopean. Euskal Herri osora zabaldu zen SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako ekintza. Hori baino lehen, ospitaleetako beharginek ere protesta egin zuten.

Belartieta, Sagasti eta De la Serna saritu zituzten
Lasarte-Oriako Udalak VII. Kirol Gala aurrera eraman zuen Manuel Lekuona Kultur Etxean. Herritarrek proposatutakoen artean, urteko kirolari onenen saria jaso zuten Aiora Belartieta arraunlariak eta Asier Sagasti judokak. Eulogio de la Sernak, berriz, kirol ibilbidearen oroigarria eskuratu zuen.
Hiruek pozarren jaso zituzten aitortzak, eta hunkituta hitz egin zuten ikus-entzuleen aurrean. Ondoren, udal ordezkariek talde argazkia egin zuten irabazleekin, eta ostean, nahi zuenak izan zuen gauza bera egiteko aukera, kultur etxeko harreran jarritako photocallean.

Tradizioa josten, oraina jantzi ahal izateko
Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako jantzi tradizionalen ikastaroan parte hartu duten ikasleek arropa dotoreak josi dituzte, Ione Artola irakaslearen jarraibideei jarraituta, Emakumeen Zentroan. Azken egunean erakusketatxo bat egin zuten.

Izarrek are distira gehiago egin dezaten lan egin zuten 
Moriarti Produkzioak-en Balenciaga telesailaren ekoizpen eta grabaketa lanetan parte hartu zuten zenbait herritarrek: Ione Artola, jostun lanetan; Jokin Ayerregaray, jantzitegian; eta Ane Arteaga, errejidore gisa. Hiru horien lekukotzak jaso genituen. Haiez gain, Ander Armendariz arotza eta David Heras jardun dira, azken hori efektu bereziekin. Seigarren bat ere jardutekoa zen, Ioritz Apaolaza, baina motor istripuz hil zen martxoan. Gogoan izan zuten elkarrizketatuek.

Pantaila handian ikusitakoaz jardun zen, lehen pertsonan
Okendo Zinema Taldeak Mi país imaginario filma proiektatu zuen Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan. Ez zen proiekzio huts bat izan, ordea; izan ere, filmaren emanaldia amaitu ostean, bertan ikusitakoa lehen pertsonara ekarri zuen Kevin Sohail txiletarrak, oholtzara igo eta bere testigantzaren berri emanez. Ez da Txileko hiriburuan, Santiagon bizi, Concepcion hiriko Coronel hirian baizik, eta herrialdean gertatutako eztanda soziala nola bizitu zuen kontatu zien aretoan bildutakoei. Sorpresatxo batekin amaitu zuen gainera bere parte hartzea. Gitarra eskuetan, Victor Jara musikari txiletar eta entzutetsuaren El arado abestia kantatu zuen, tarteka euskaraz ere bai.

Ikasketak eta dantza uztartzen dituen herritar baten lekukotza
Dantza klasikoa edo balletaren harra txikitan sartu zitzaion Nahikari Zaldua Vega (Lasarte-Oria, 2005) gazteari. 15 urterekin, bere ametsari jarraiki, Burgosko Ana Laguna dantza eskola profesionaleko proba egin eta onartua izan zen. Geroztik Burgosen bizi da eta ikasketak eta dantza uztartzen ditu. Uztailean Valencia Endanza ikastaroan saria jaso zuen: Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean egonaldia. Haren lekukotza jaso genuen, eta hona egindako hausnarketetako bat: "Tristea da Goi Mailako ikasketak egiteko eskolarik hurbilena Burgoskoa izatea".

Plaza bete azoka
Gogotik ospatu zuten San Tomas azoka herritarrek, Okendo plazan. Txistorra, txokolate edo gazta (edo hiru osagaiekin, zergatik ez) taloak jan, sagardo freskoa edan eta arratsalde pasa ederra egin zuten. Xumela koruak, bingoa egin zuten gazteek eta Plaza Dantzako lagunek girotu zuten ekitaldia.
Talo eta gaztain usain gozoak lasarteoriatar ugari liluratu bazituen ere (ikusi besterik ez zen egin behar zer-nolako ilara zegoen tiketak erosteko), Martina txerriak eta haren kumeek sortu zuten ikusmin handiena. Gazte eta heldu, asko izan ziren animalia ikustera pasa zirenak.

Haurren maitasuna jaso zuten Mari Domingi, Olentzero, Xixuko eta Porrotxek
Hilaren 24an etorri ziren herrira Mari Domingi eta Olentzero, lasarteoriatarrei zoriontasuna eta opariak banatzera. Ohi bezala, lagun izan zituzten Xixuko ahatea eta Porrotx pailazoa. Goizean zehar haurren eskutitzak jaso zituzten, eta kalejiran atera arratsaldean, Okendo plazan ekitaldi nagusia egin aurretik. Zenbait elkartek abesten jarduteko aprobetxatu zuten eguna: Alboka Abesbatza, Erketz dantza taldea eta Zabaleta Auzolan elkartea. Horrez gain, kantu jira aurrera eraman zuten herriko ikastetxeetako ikasleek.

Erretiroa hartzea erabaki dute Maite Arroyok eta Maite Erkiziak
Lasarte-Orian erreferente izan diren bi pertsonak, Maite Arroyok eta Maite Erkiziak, erretiroa hartzea erabaki dutela iragarri dute hilabete honetan. Lehenak 39 urte pasa ditu Maite estetika zentroan lanean, eta bigarrenak, 44 urte, Blas de Lezo kaleko 5. zenbakian, 2. solairuan aurrena eta azpiko lokalean gero, Maite Erkizia ile apaindegian.

Biek ala biek esker hitzak izan dituzte urte hauetan guztietan bezero izan dituzten pertsonei. Erretiroa hartu izanagatik, esku onetan utzi dituzte negozioak, haien lankide izan direnek hartuko baitute beraien lekukoa.